Eu

Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratu ditu ikus-entzunezko proiektuen garapena diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2020-03-03)

2020.eko martxoak 03
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zinemagintza sustatzeko duen hiru lerroetako bat da, iaz 16 proiektu babestu ziren horren bitartez

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 300.000 euroko partida onartu du, bere gaurko saioan, ikus-entzunezko proiektuen garapena diruz laguntzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honen helburua da 2020an eta 2021ean garatuko diren ekoizpenen prestaketa eta diseinua bultzatzea, produkzio-fasearen aurreko eragiketetan arreta jarriz. Iaz 16 proiektu babestu ziren laguntza-lerro horren bidez.

Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen sektoreari zuzendutako diru-laguntzek sormen-prozesu osoa hartzen dute: gidoien sormena, ikus-entzunezkoen ekoizpen eta, hirugarrenik, proiektuen garapena. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero hiru diru-laguntza lerro jartzen ditu abian, horietako bat Gobernu Kontseiluak gaur onartu duena. Lehenik eta behin, sormen-prozesuaren hasierari erreparatuz, Jaurlaritzak urtero bultzatzen du 'Kultur sormena’ deialdia, kultura-sektore desberdinak barne hartzen dituena zazpi modalitateen bitartez. Zazpi modalitate horietako bat zinema gidoiak laguntzera zuzenduta dago, eta iaz 104.000 euroko aurrekontua izan zuen eta 8 proiektu lagundu zituen.

Ikus-entzunezkora bideratutako bigarren diru-laguntza deialdia gaur Gobernu Kontseiluak onartu duena da, eta ikus-entzunezko proiektuen garapenean jartzen du arreta. Iaz, deialdi horren bidez 16 proiektu lagundu ziren, eta 11.784 eta 22.380 euro arteko diru laguntzak bideratu zituzten horietara. 3.000 oztopo, Irusoinena; Robot Dreams, Aixerrota Filmsena; El asesinato de Anna Thorwald, Moriarti Produkzioena; edo Cenicienta Enmascarada, Myriam Ballesteros Produccionesena.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikus-entzunezko ekoizpenari zuzendutako diru-laguntza deialdi bat du, ekonomikoki garrantzitsuena. Laguntza-lerro horrek 2.260.000 euroko aurrekontua du guztira, eta lau modalitate ditu: fikziozko film luzeak; aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak; sormenezko film dokumental luzeak; eta, azkenik, film laburrak. Iaz 24 ekimen babestu ziren deialdi horren bidez.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Legegintzaldiaren hasieran, laguntza-lerro horiek % 35 handitzea erabaki zuen, proiektuen garapen-prozesua sendotzeko eta talentu berriei laguntzeko. Gaur onartutako deialdiaren kasuan, aurrekontua 100.000 eurotik 300.000 eurora pasa da.

Diru-laguntza lerro horiek alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak bestelako bideak ditu euskal ikus-entzunezkoa sustatzeko: Zineuskadi(Europa Sortzailea, Zinema Euskaraz, Basque Audiovisual…), Euskadiko Filmategia, sektoreko elkarteentzako diru-laguntza izendunak (iaz Ibaia, epe/APV, Eiken eta Gidoilarien Elkartearentzat izan ziren), Kimuak programa (Etxeparek eta Euskadiko Filmategiak kudeatua) edota jaialdien laguntza (aipagarrienak Zineuskadi, Zinebi eta Mendifilm). Halaber, EiTBk euskal zinemari ekarpen garrantzitsua egiten dio urtero, Euskadin egiten diren zinema-proiektu nagusiak ahalbidetuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko