Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 445.000 euroko laguntza deialdia onartu du arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko eta garatzeko (Gobernu Bilera 2020-03-03)

2020.eko martxoak 03
  • Iaz, 64 kultur ekimen babestu ziren diru-laguntza horien hiru modalitateen bidez

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 445.000 euro bideratuko ditu aurten Euskadin arte plastikoak eta ikusizkoak sustatu eta garatzeko. Gobernu Kontseiluak bere gaurko bileran onartu duen deialdi honek hiru modalitate izango ditu. Iaz, 64 ekimen diruz lagundu ziren deialdi horren bidez.

Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko diru-laguntza deialdiak honako laguntza-lerro hauek ditu:

  • Sustapen- eta hedapen-modalitatea, 55.000 euroko aurrekontua izango duena. Modalitate horrek bi motatako ekimenak diruz laguntzea ahalbidetuko du.
  1. Euskadiko kultur etxeetan egingo diren arte garaikideko ekitaldiak edo adierazpenak (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak …) antolatzea edota horietan parte hartzea.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikideari buruzko sentsibilizazio-adierazpenak laguntzea (topaketak, jardunaldiak, kongresuak, tailerrak, hitzaldiak…).
  • Argitalpenen modalitatea, 121.000 euroko aurrekontua izango duena. Modalitate honen bidez, Euskadin arte garaikidea zabaltzea eta artistak eta haien obrak sustatzea helburu duten hainbat euskarritan argitalpenak egitea bultzatuko da.
  • Sorkuntza-produkzio modalitatea, 269.000 euroko aurrekontua izango duena. Modalitate honen bidez, arte plastikoen eta ikusizkoen arloan proiektuak egiteko laguntza ekonomikoak emango dira.

Laguntza deialdi honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beste politika batzuk ere baditu sortzaileak laguntzeko arte plastikoen eta ikusizko arteen esparruan. Hala, Eusko Jaurlaritzak urtero 54.000 euro bideratzen ditu Gure Artea Sariak antolatzera, arte plastikoen eta ikusizkoen arloan erreferentziazko artistak aitortzeko asmoz. Halaber, galeriei eta museoei emandako diru-laguntzen bidez ahalegin garrantzitsua egiten da sektorea sendotzeko, eta, aldi berean, Eremuak programa antolatzen da, euskal arte garaikidearen testuingurua sustatzea helburu duena.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak baditu bi diru-laguntza deialdi, kultura-sektore gehienak barne hartzen dituztenak, baina eragin berezia dutenak arte plastiko eta ikusizkoetan. Sorgune eta Bitartez deialdiak dira, eta iaz 560.000 eta 500.000 euroko aurrekontua izan zuten, hurrenez hurren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko