Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria buru duen sailarteko mahaiak gaur egun EAE-n indarrean dauden prebentzio-neurriei eusten die koronabirusaren aurrean

2020.eko martxoak 03
  • 13 COVID-19 kasu zenbatu dira: 10 Araban, 2 Gipuzkoan eta 1 Bizkaian; guztiei Osasun Publikoa eta Osakidetza jarraipena egiten ari zaie

Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak joan den astean eratutako sailarteko mahaiaren bileraren buru izan da gaur, EAEn koronabirusaren aurrean jarduna aztertzeko. Guztira 13 kasu zenbatu dira.

Hala jakinarazi du Nekane Murga Osasuneko sailburuak, Josu Erkoreka sailburuarekin batera Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan egindako agerraldian, eta azpimarratu du gaur egun indarrean dauden prebentzio-neurriei eusten zaiela eta oraingoz ez dela salbuespenezko bestelako neurririk ezartzea aurreikusten.

Lehendakaria buru duen eta zazpi sailburuk osatzen duten mahaiari jakinarazi dionez, EAEn zenbatutako 13 COVID-19 kasuetatik 10 Araban daude, 2 Gipuzkoan eta 1 Bizkaian. Guztietatik 5 osasun-langileak dira.Murga sailburuak jakinarazi duenez, guztiak egoera onean daude, eta Osasun Publikoa eta Osakidetza jarraipena egiten ari zaie.

Atzo gauean baieztatu zen lehen kasua Bizkaian. Osasun egoera onean dagoen gizonezko bat da. Gaur egun etxean dago eta bertatik egingo diote jarraipena. Itxura guztien arabera, Anberesera egindako bidaia baten ondoren sortu zen kutsaduraren fokua.

Araban beste bi kasu gehitu dira, guztira 10 izateraino. Horietako bat emakume batena da eta dagoeneko bakartuta zegoen, lehen positiboen kontaktu bat baitzen. Beste kasua gizon bati dagokio, eta, era berean, lehen kasuen kontaktu bat zenez, etxeko jarraipenean zegoen. Osasun-egoera dela eta, ospitalera eraman dute jarraipena egiteko.

Gipuzkoan erregistratutako bi kasuei dagokienez, bat ospitalera eraman dute.

EGINDAKO JARDUNAK

Egoerari buruzko azken datuez gain, sailarteko mahaiari egindako jardunen berri ere eman zaio. Betiere adituen gomendioen arabera erabaki dira jardunak, eta gainerako euskal erakundeekin eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoekin partekatzen ari dira.

Neurri horien artean, osasun-arloan ezarritakoak nabarmentzen dira.

Lehenik eta behin, Osasun Sailak lanean jarraitzen du baieztatutako kasuen kontaktuak aztertzen. Azterketa horiek guztira 211 pertsona hartzen dituzte une honetan. Ildo horretatik, Nekane Murgak iragarri du 12 mediku gehiago sartuko direla Osasun Publikoko behaketa epidemiologikoko taldean, eta, horri esker, zerbitzua indartu ahal izango dela —gaur egun 25 pertsonak lan egiten dute zerbitzu horretan—.

Bestalde, Osakidetzako osasun-erakunde guztiek jardun-protokoloak aplikatzen jarraitzen dute. Nekane Murgak onartu duenez, osasun-arloko profesionalen artean izandako kasu positiboek murrizketa ekarri dute zentroetan, bereziki Arabako ESIan. Hala ere, sailburuak berak lasaitasunerako deia berretsi zuen, bereziki Arabako biztanleei zuzenduta, haien parte-hartzea bermatuta baitago.

Osasuneko sailburuak gogorarazi duenez, joan den igandean jarraibideak eman zitzaizkien Osakidetzako erakunde sanitarioei profesionalen kolektiboarekin arreta handiz jokatzeko, eta atzo mahai teknikoak Osasun Ministerioarekin izandako bi bileren ondoren berretsi egin zen erabakia. Neurri horiek zentro soziosanitarioetako profesionalengana ere zabaltzen dira orain.

Era berean, azken asteetan areagotu egin da profesionalen prestakuntza, bai intranet, mailing eta prestakuntza-bideoen bidez, bai gaixotasun infekziosoetako, prebentzioko, urgentzietako, larrialdietako eta lehen mailako arretako unitateetako 1.700 profesional baino gehiagori zuzendutako aurrez aurreko ikastaroen bitartez.

Osakidetzako Osasun Kontseilua ere langile gehiagorekin osatu eta indartu da, eta otsailaren 26tik 900 dei inguru jaso ditu.

HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak berriz ere azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrek Osasun Sailak eta Osakidetzak eskura dituzten bide guztien bitartez ematen dituzten gomendioak betetzea. Gomendio horiek eskuragarri daude Sailaren eta Osakidetzaren webgunean eta, atzotik, Osakidetzaren appan ere. Hauek dira gomendio nagusiak: 

-Etxean geratzea eta 900 20 30 50 telefonora deitzea, arrisku-eremuren batera bidaiatu eta sintomak izanez gero.

-Higiene-neurriak hartzea, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.

Era berean, gomendatzen da sukarra edo arnas infekzio akutuko sintomak dituzten pertsonak ez joatea esparru itxietan antolatutako ekitaldi kolektiboetara edota instituzioetara (hala nola zentro soziosanitarioak).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak