Berriak Lehendakaritza
Eu

Osasun sailburuak Euskadin 13 koronabirus kasu daudela baieztatu du

2020.eko martxoak 03
  • Nekane Murgak lasaitasun-mezua helarazi die Arabako biztanleei, Arabako ESIan osasun-laguntza "bermatuta" dagoelako

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Nekane Murgarekin batera.

Nekane Murga Osasun sailburuak, EAEn koronabirusaren aurrean jarduna aztertzeko sailarteko mahaiaren bileraren ostean,  jakinarazi du 13 koronabirus kasu baieztatu direla Euskadin; 10 Araban, 2 Gipuzkoan eta 1 Bizkaian; horietatik 5 osasun-langileak dira. Murga sailburuak berretsi du Osasun Sailak lanean jarraitzen duela baieztatutako kasuen kontaktu-azterketetan, eta azterlan horiek 211 pertsona hartzen dituztela barne. Ildo horretan, Nekane Murgak iragarri du 12 mediku gehiago sartuko direla Osasun Publikoko zaintza epidemiologikoko taldean, eta, horri esker, gaur egun 25 pertsonak lan egiten duten zerbitzua indartuko da. Bestalde, Osakidetzako osasun-erakunde guztiek jarduera-protokoloak aplikatzen jarraitzen dute. Nekane Murgak onartu du, osasun arloko profesionalen artean izandako kasu positiboek murrizketak ekarri dituela zentroetan, bereziki Arabako ESIan. Hala ere, sailburuak berak lasaitasunerako deia egin du, bereziki Arabako biztanleei, osasun-laguntza bermatuta baitago.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak Zaldibarko zabortegitik kentzen ari diren hondakinak birkokatzeko salbuespenezko eta premiazko neurrien dekretu bat onartu du. Josu Erkorekak azaldu duenez, dekretu horrek Verter Recycling-en lursailetan bi biltegi eraikitzen hastea ahalbidetuko du, bertako hondakinak hartzeko prestatuta daudenak, baita horietara iristeko bideak ere. "Alberto eta Joaquin erreskatatzeko eta lursaila sendotzeko lanetan ateratzen ari diren lurra eta hondakinak segurtasun berme osoz kokatzeko kokaleku bat premiazkoa da", adierazi du.

Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, dibertsitate funtzionala duten pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko Laguntzen Programa batonetsi du Gobernu Kontseiluak. 700.000 euro dira, pertsona horiek lan-merkatuan sartzea errazteko, bi modutan; batetik, 4.000€ euroko laguntzak enpresei, kontratu finkoak eta lanaldi osokoak egiteko; eta, bestetik, 1.000€ euroko laguntzak, enpresei zuzenduak, lanpostuak egokitu eta era guztietako oztopoak ezabatu ditzaten, produkzio-zentroetan pertsona horiei sarbidea, mugikortasuna, komunikazioa edo ulermena zailtzen dizkieten oztopoak, alegia. Bozeramaileak adierazi duenez, programa honekin, Eusko Jaurlaritzak espero du desgaitasuna duten pertsonen 200 kontratu finko baino gehiago izatea lan-merkatu arruntean.

Horrez gain, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak berritu egin dituela bost kide Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoan; Batzordearen zeregina da jardun administratibo guztia legeekin eta Zuzenbidearekin bat etortzen dela zaintzea, eta bere ardura da sortzen diren gatazkak bere gain hartzea tokiko autonomia defendatzean, ezohiko errekurtso administratiboetan, deuseztasunean, interpretazioan eta ebazpenean kontratu edo emakida administratiboei dagokienez edo udalerrien alterazioari dagokionez, horrek eragina duenean Lurralde Historiko batean baino gehiagotan. Josu Erkorekak adierazi duenez, prestigio handiko bost jurista dira, 6 urte gehiago jarraituko dutenak Aholku Batzorde Juridikoko kide izaten: Fátima Saiz, Imanol Zubizarreta, Iñaki Beitia, Luis María Eskubi, eta Maite Astigarraga Goenaga.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)