Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Artean ere telekomunikazioak dira Kontsumobideren 2019ko balantzean erreklamazio gehien dituen sektorea

2020.eko martxoak 02

583 zehapen-espediente hasi dira, batez ere etxebizitza, telekomunikazio, elikadura eta ibilgailuen konponketa-sektoreetan

Ia 15.500 enpresa daude Kontsumoko Arbitrajeko Sistemari atxikita

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Kontsumoko Euskal Institutuaren 2019ko jardueraren balantzea egin du, Olga Santamaría Kontsumobideko zuzendaria aldean zuela. 

Sailburuak gogora ekarri du “kontsumo arduratsuaren gaineko kontzientziazioa ezin bestekoa” dela: kontsumoan, izan ere, “pertsona kontsumitzaileek gure eskubide eta eginbideak ezagutu behar ditugu, eta horiek nola erabili jakin, baina jabetu behar gara, halaber, gure kontsumitzeko modua erabakigarria dela nahi dugun mundua eraikitzen”.

Kontsumobideren lanaren balantzea

2019an 25.869 erreklamazio izapidetu ziren askotariko kontsumo-bulegoen bitartez: 12.084 Kontsumobiden, 12.211 Pertsona Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoetan (KIUB), eta beste 1.547 pertsona kontsumitzaileen elkarteetan.

Telekomunikazioak dira artean ere erreklamazio gehien dituen sektorea: guztizkoaren % 36,38.  Etxetresna elektrikoek eta informatika eta ikus-entzunezko ekipamenduek eragindako erreklamazioak hirugarren postuan zeuden 2018an, baina orain bigarren izatera pasa dira, ia % 7az; hartara, atzean utzi dituzte hornidura-zerbitzuak (energia, ura, etab.), orain hirugarren postuan daudenak, % 6,15az. Guztira, 3 sektore horiek guztizkoaren % 50 dira ia (% 49,48).

Kontsumobideren apustua, ohi bezala, gauzak auzibideaz kanpora konpontzearen aldekoa da, bitartekaritza-lana eta Kontsumoko Arbitrajeko Sistema bultzatuz. 2019an, Kontsumoko Arbitrajeko Sistemari atxikitako guztizko enpresa kopurua 15.480 izan zen.

Prestakuntzari dagokionez, iaz 75.884 pertsonak parte hartu zuten Kontsumobideren prestakuntza-ikastaroetan. Zehazki, 23.472k Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan egin zituzten: 2.290 prestakuntza-tailer baino gehiago. 49.842 ikaslek, eta beren irakasleek, ikastetxeetan egin zituzten ikastaroak, eta pertsona nagusiei bideratutako programan 2.570 pertsonak parte hartu zuten.

Kontsumobidek izapidetzen dituen zehapen-espedienteak kanpainetan eta ikuskapenetan edo jasotako erreklamazioetan detektatutako arau-hausteei buruzkoak dira. 2019an, 583 zehapen-espedienteri eman zitzaien hasiera, 2018an 324 zirenean. Etxebizitza, telekomunikazioak eta elikadura dira espediente kopuru handiena duten sektoreak.

Zehapenak izango dira arinak, larriak eta oso larriak. Arinen zenbatekoa 25.000 euro artekoa izango da; larriena, berriz, 150.000 euro artekoa; azkenik, oso larriak 900.000 eurora hel daitezke. Batez besteko zehapena 2.600 € da. Zehapen gehienak arinak dira, nahiz eta 15 espediente larri ere badauden, gehienak bankuen eta telekomunikazioen sektoreetan.

Etxebizitzan, 51 zehapen-espediente egin dira, eta horien batez besteko zenbatekoa 588 € izan da; telekomunikazioetan, berriz, 49 espedienteri eman zaie hasiera, 4.500 €-koak batez beste; elikaduran, 33 zehapen egin dira, 430 €-koak batez beste. Zehapen handienak bankuen sektorean egin dira: 60.000 €-tik gorako 6 zehapen, eta batez besteko zehapena 30.500 € izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak