Eu

Europako Enplegu Ministroen Kontseilua (EPSCO) prestatzeko lantaldeak EBren gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko erregelamendu komunitarioak berrikusi ditu

2020.eko otsailak 28
  • Enplegatzen duenak gizarte-segurantzako erakundeari langilea EBko beste herrialde batera joango dela jakinarazteko aldez aurreko jakinarazpena edo prozesua aztertu ditu
  • A1 formularioak balio du gizarte-segurantzan zein herrialdetan kotizatzen den frogatzeko, EBko beste herrialde batera lekualdatutako langilea denean
  • Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko autonomiak ordezkatzen ditu Bruselan seihileko honetan
  • Martxoaren 19an, Artolazabal sailburuak Kontseiluan parte hartuko du Batasuneko ministroekin eta Estatuko gobernuko bigarren presidenteordearekin batera

Brusela, 2020 02 28

Enplegu Ministroen Kontseilua (EPSCO) prestatzeko lantaldeak, Europar Batasuneko estatuek osatutakoak eta EAEk autonomia-erkidegoen ordezkari gisa diharduenak, gaur goizean eztabaidatu du Bruselan 2017tik aztertzen ari diren gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko erregelamendu komunitarioen berrikuspena. Izan ere, Europar Batasunak bere herritarren gizarte-segurantzako eskubideak babesten dituzten arau komunak ezartzen ditu haiek Europa barruan lekualdatzen direnean. Gizarte-segurantzaren koordinazioari buruzko arauek ez dituzte estatu-erregimenak Europako erregimen bakar batekin ordezkatzen. Aldiz, herrialde bakoitzak erabaki dezake, bere legeriaren arabera, nor dagoen aseguratuta, zer prestazio jasoko dituen eta zer eskakizun bete behar dituen.

 

Gizarte Gaietako Taldearen gaurko bileran, Europako Batzordeak 2016ko abenduaren 13an aurkeztutako gizarte-segurantzaren koordinazioari buruzko bi erregelamenduak (2004koa eta 2009koa) berrikusteko esparrua eztabaidatu da, aplikatu beharreko legeriari buruzko kapituluarekin lotuta.

 

Zehazki, aurretiazko jakinarazpenaren eta horrek A1 inprimakiarekin duen loturaren ingurukoa izan da topaketa. Aurretiazko jakinarazpena prozesu bati dagokio, eta, prozesu horren bidez, enplegatzen duenak gizarte-segurantzako erakundeari jakinarazten dio langilea EBko beste herrialde batera lekualdatuko dela. Bestalde, A1 formularioak balio du gizarte-segurantzan zein herrialdetan kotizatzen den frogatzeko, EBko beste herrialde batera lekualdatutako langilea denean eta herrialde batean baino gehiagotan aldi berean lan egiten duenean.

 

EBko herrialdeetara lekualdatzen diren edo bertatik igarotzen ari diren langile guztiek afiliatuta dauden herrialdeko gizarte-segurantzako erakundeak emandako A1 agiria eraman beharko dute beren zerbitzuak egiten dituzten aldian, gainerako dokumentazio pertsonalarekin eta lan-dokumentazioarekin batera. Bi prozedurak (aurretiazko jakinarazpenekoa eta A1 formularioa eskatu eta igortzekoa) digitalizatzeaz ere hitz egin da gaur.

 

Europatik lekualdatzen direnean EBko herritarrek dituzten gizarte-segurantzako eskubideak babesten dituzten arau komun batzuk ezartzen ditu EBk. Gizarte-segurantzaren koordinazioari buruzko arauek ez dituzte erregimen nazionalak Europako erregimen bakar batekin ordezkatzen. Aldiz, oraindik ere herrialde bakoitzak erabaki dezake, bere legeriaren arabera, nor dagoen aseguratuta, zer prestazio jasoko dituen eta zer eskakizun bete behar dituen.

 

2010eko maiatzean, koordinazioa berritzen duten bi arau jarri ziren indarrean, eta, 2016ko abenduan, Batzordeak gizarte-segurantza koordinatzeari buruzko bi erregelamendu horiek berrikustea proposatu zuen. Erregelamenduen berrikuspenak zenbait kapitulu ditu, mugaz gaindiko kasuetan langabeziaren ondoriozko prestazioak, zainketak, seme-alabak eta aplikatzekoa den legeria jorratzen dituztenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak