Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Elena Moreno, Ingurumen sailburuordea: “Ibilgailu guztiz elektrikoek sortzen dute ingurumen-inpakturik txikiena”

2020-02-28

“Auto elektrikoen ingurumen-inpaktua nabarmen txikiagoa da auto konbentzionalen inpaktuaren aldean”, esan du gaur goizean Bilbon Elena Morenok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak, “eMUGIKORTASUNA EUSKADI 2020, pertsonentzat pentsatutako hiri jasangarriak”, jardunaldian, sektoreko ehun inguru espezialistaren aurrean. Moreno andreak, izan ere,  Basque Ecodesign Center-ek eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratutako “Bizi Zikloaren Analisiaren txostena. Ibilgailu-aukera desberdinen arteko ingurumen-konparazioa: elektrikoa, hibridoa eta errekuntzazkoa” txostenaren ondorio nagusiak aurkeztu ditu.

Txostenak ibilgailu elektrikoen, hibridoen eta errekuntzazkoen 9 teknologia desberdin aztertzen ditu, eta kontuan hartzen ditu bai erabilera-faseko inpaktua eta bai bizi-ziklo osokoa.

Moreno andrearen esanetan, “azterlanak erakusten du Espainian urtean 15.000 km egiten dituen tamaina ertaineko ibilgailu elektriko batek 111 gramo CO2 baliokide sortzen ditu egindako km bakoitzeko bere bizi-ziklo osoa kontuan hartuz; diesel ibilgailu batek, berriz, 240 gramo sortzen ditu, eta gasolinazkoak 274”.

Ingurumen sailburuordeak zehaztu duenez, "egia bada ere erabilera-etapan ibilgailu elektriko batek ez duela CO2 isurtzen bere ihes-hoditik, bai isurtzen da elektrizitatea sortzeko instalazioetan eta osagaien fabrikazioan, baterien fabrikazioan bereziki".

Azterlanaren arabera, Espainian urtean 15.000 km egiten dituen tamaina ertaineko ibilgailu elektriko batek –Ibilgailu Arinen Probetarako Munduko Prozedura Harmonizatuan (WLTP) erabiltzen denaren antzeko ibilbidea eginez % 52 hirian eta % 48 hirien artean–, 111 g CO2 bal./km isurtzen du bere bizi-ziklo osoa kontuan hartuta; diesel ibilgailu batek 240 isurtzen ditu, eta gasolinazko batek 274. Horrek esan nahi du auto elektriko baten ingurumen-inpaktua ohikoena baino nabarmen txikiagoa dela (erdia baino gutxiago), baina ez da zuzena esatea ibilgailu elektriko baten bizi-zikloan ez dela g CO2 bal. isurtzen.

 

Mix elektrikoa

"Azterlan honek kontuan hartzen ditu gaur egungo mix elektrikoak eta haiei lotutako isuriak; beraz, hurbilketa kontserbadorea da, ia herrialde guztiek deskarbonizazio-helburu argiak baitituzte, eta, beraz, isuri horiek gutxitu egingo dira ibilgailuaren bizi-zikloan zehar", adierazi du Elena Morenok. Gainera, "ez dira kontuan hartu gaur egun matrikulatuta dauden ibilgailu elektrikoen bateriek izan ditzaketen bigarren erabilerak edo birziklatze-prozesuak, prozedura horiek ez baitaude garatuta, baina litekeena da haien bizitza baliagarriaren amaieran hainbat irtenbide egotea. Beraz, txosten honetan kalkulatutako ibilgailu elektrikoen ingurumen-inpaktua kontserbadorea da, eta denbora igaro ahala etengabe gutxituko dela aurreikusten da. Ibilgailu-tamaina, ibilbide eta herrialde bererako, teknologia bat edo bestea aukeratzeak berotegi-efektuko gasen isuriak % 29 eta % 78 bitartean murriztu ditzake ", zehaztu du sailburuordeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)