Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Argentinako 50 merkatari baino gehiago Euskadira etorri dira euskal merkataritzaren abantailak bertatik bertara ezagutzeko

2011.eko maiatzak 13

Enpresaburuek interes berezia erakutsi dute Eusko Jaurlaritzak sektoreari laguntzeko eskainitako planen inguruan

Argentinako 50 enpresaburu baino gehiago, bertako erakunde publikoetako eta merkataritza-ganberetako zenbait ordezkarirekin batera, Euskadira etorri dira, euskal merkataritzaren jardunbide egokienak bertatik bertara ezagutu eta jatorriko herrialdera eramateko.

Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatari Elkarteak gonbidatuta, taldea Lakuan egon da, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Bertan, merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak Eusko Jaurlaritza 2015 Merkataritza Egokitzeko Planaren bitartez abian jartzen ari den neurri guztien berri eman die.

Besteak beste, Merkataritza Bikainaren aldeko apustua nabarmentzen da, Espainian programa aitzindaria izanik Brontzezko Q ezartzea ahalbidetzen duena ziurtatzeko bitarteko eredu berri baten antzera, zenbait araudiren (Urrezko Q eta Zilarrezko Q, esaterako) eta UNE arauen arteko erdibidean.

Jaurlaritzara iritsi zenez geroztik Bernabé Undak zuzendutako Sailak merkataritza-sektoreari laguntzeko hartutako neurri guztiak azaldu ditu zuzendariak, baita etorkizunerako proiektatutako plan guztiak ere.

Lehenik eta behin, Dinamizazio Bulegoen berri eman die, haien funtzionamenduaren, antolamenduaren eta eginkizunen berri emanez. Merkataritzan adituak diren 30 profesionalek jarduten dute bulego horietan, hain zuzen ere Euskadiko merkatarien elkarte eta federazio nagusietan eta garapen-agentzia eta udal batzuetan. Askotariko gaiei heltzen diete bulego horiek, hala nola sektorearen laguntza eta diru-laguntzei buruzko aholkularitza; hiri-inguruneetan merkataritza dinamizatzeko jarduerak antolatzea, udalekin elkarlanean; merkataritza-mahaietan parte hartzea, merkataritza-hirigintzarekin zerikusia duten gaiei heltzen dieten udalekin elkarlanean; sektoreari eragiten dioten ordenantzei buruzko informazioa; eta abar.

Jarraian, Merkataritzari Laguntza Teknikoa emateari buruzko bekak azaldu dizkie, lizentziatu berrien prestakuntzarako baliagarri direnak, merkataritzaren dinamizazioa ikasteko zereginak garatzeko aukera izan dezaten.

Eta, azkenik, askotariko laguntza eta diru-laguntzen programen berri eman die zuzendariak:

 

  • 1. Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko laguntzak (Saltokien 'Renove' plana esaten zaio), 2010ean 4,7 milioiko diru-laguntzen bitartez sektorearen inbertsio ugari mobilizatzea ahalbidetu dutenak (guztira 37,5 milioi euro, Euskadiko 1.628 dendatan).
  • 2. Kudeaketa Bikaina egiten duen Saltokiaren ziurtagiriak lortzeko laguntzak.
  • 3. Jarduera bertan behera utzi behar duten merkatarien eta ekintzaile berrien arteko Enpresa Transmisiorako laguntzak (SPRIk kudeatua).
  • 4. Udalekin elkarlanean hiriko zentroetan merkataritza dinamizatzeko jarduerak antolatzeko laguntzak.
  • 5. Negozioen kudeaketan estrategikoak diren alderdien inguruan prestatzeko, hedatzeko eta sentsibilizatzeko laguntzak.
  • 6. Enpresen arteko lankidetzarako laguntzak, enpresak indartzeko funtsezko estrategia gisa (erosketa- eta zerbitzu-zentralak, salmenta- eta marketin-estrategia bateratuak), SPRIk kudeatuak.

Gainera, eta amaitzeko, Maite Valmasedak Ikusmer Merkataritza Banaketaren Behatokiaren berri eman die bertaratuei, eta behatokia merkataritza-sektorearen nazioarteko joera arrakastatsuak biltzeaz arduratzen dela azaldu die.

Sektorearekin zerikusia duten kezka guztiei erantzun die zuzendariak, eta, ildo horretan, distantzia gorabehera, sor litekeen beste edozein zalantza argitzeko konpromisoa hartu du. Orobat, etorkizunean elkarlanean aritzeko guztiz prest dagoela adierazi du.

Argentinako ordezkaritzak, azaldutako gaiei buruzko dokumentazioa bidaltzeko eskaera egin dio zuzendariari, eta Eusko Jaurlaritzak laster bidaliko die, behin prest eduki ondoren.

 Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 13a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko