
Argitaratu da EHAAn Giza Eskubideen René Cassin saria deitu eta arautzen duen Agindua
Gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) giza eskubideen René Cassin saria deitzen eta arautzen duen Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2011ko apirilaren 14ko Agindua.
Deialdi honen bidez publikoki goraipatu eta saritu nahi dira ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.
Sariaren izena 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio zen Rene Cassin jaunaren oroimenez ezarri da. I. Mundu Gerrako zorigaiztoko esperientziak eragin nabarmena izan zuen berarengan eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile porrokatu bihurtu zen. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an, eta 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean funtsezko zeregina izan zuen. 1968an Bakearen Nobel saria eman zioten giza eskubideen alde atsedenik hartu gabe buru-belarri ibili zelako; sari hori Giza Eskubideen Estrasburgoko Nazioarteko Institutua sortzeko baliatu zuen.
Sariaren ezaugarriak.
Epaimahaiaren iritziz saria lortzeko nahiko merezimendu erakutsi duen pertsonari edo pertsonei emango zaie deialdi honetako saria. Saria ohorezko aipamenak, aintzatespen publikoak eta 16.550 euroko diru-zenbatekoak osatuko dute.
Onuradunak.
Agindu honen bidez iragarritako saria honakoek jaso dezakete: beraien jarduera eta ibilbidearekin gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen lagundu dutelako edo laguntzen dutelako nabarmentzen diren irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuek.
Hautagaiak aurkeztea.
1.- Edozein pertsona fisiko nahiz juridikok, publikok nahiz pribatuk, aurkez ditzake saria lortzeko hautagaiak.
2.- Sarirako hautagai bakoitzaren izenarekin batera, honako hauek bidali beharko dira:
a) Sarirako proposatutako hautagaiak giza eskubideei egindako ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa.
b) Hautagai izateko proposatua izan den pertsonak sariketa honetan parte hartzeko adostasuna ematen duela esanez egindako adierazpena.
c) Proposatutako hautagaiaren edo hautagaien aldeko abal edo atxikimenduak, hautagaiak aurkezten dituztenek halakorik aurkeztu nahi izanez gero.
3.- Hautagai-proposamenak, aurreko paragrafoan ezarritako agiriekin batera, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzara bidali behar dira (Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako moduetako edozeinetan.
4.- Epaimahaiak ofizioaz sartu ahal izango ditu aurreko edizioetan aurkeztu eta saritu ez ziren hautagaiak, balioetsi daitezen eta, egoki bada, saria lortzeko proposa daitezen.
Esleitzeko irizpideak.
Sariduna proposatzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Proposatutako pertsonak edo pertsonek giza eskubideen alorreko jardueretan luzaroan parte hartu izana.
b) Giza eskubideen balioak garatzeko egindako lanaren berezko garrantzia.
c) Proposatutako pertsonak edo pertsonek egindako jarduerak edo ibilbideak euskal gizartean eta nazioartean daukan oihartzuna eta eragina.
-
2011.eko maiatzak 13
Comentario de Twitter:
Publicada en el BOPV la Orden por la que se convoca y regula el Premio Rene Cassin de DDHH http://www.irekia.euskadi.net/es/news/6057