Eu

Artolazabalek enpresei dei egin die Emaktiva laneratzeko proiektuan lagundu dezaten

2020.eko otsailak 27

Lanbidek bultzatutako EDE Fundazioaren programak 2019an ehun emakumeri baino gehiagori lagundu die

Emaktivak prestakuntza- eta bitartekotza-ekintzak bateratzen ditu enpresekin, kalteberatasun-egoeran dauden emakumeen laneratzea hobetzeko

Lagundutako emakumeen ia erdiek lortu dute lana

Emaktivak, kalteberatasun-egoeran dauden emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak, 2019ko datuak aurkeztu ditu gaur, otsailak 27, Bilboko EDE Fundazioaren egoitzan. Prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute: Begoña Gavilán (Emaktiva programaren koordinatzailea), Beatriz Artolazabal (Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua), Jon Uriarte (Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako zuzendaria), Ana Mª Caballero (Emaktivan parte hartzen duen emakumea) eta Lorena López (programaren laguntzaile den AR Racking enpresaren arduraduna).

Aurkeztutako datuen artean, nabarmentzekoa da lagundutako emakumeen erdiak 45 urtetik gorakoak direla eta % 70 iraupen luzeko langabeak direla. 2019an artatutako 108 emakumeen maila akademikoari dagokionez, aipatzekoa da ia erdiek amaitu dutela Bigarren Hezkuntza. Artatutako emakumeen jatorria ere kontuan hartu da txosten honetan: Emaktivan artatutako 10 emakumetik 6 bertakoak edo Estatukoak dira. Azkenik, nabarmendu da emakumeen % 37k etxeko indarkeria-egoeraren bat jasan dutela eta 10etik 4 guraso bakarreko familiak direla.

Beatriz Artolazabal sailburuak enpresei dei egin die “lan-munduan emakume gehiago eta gehiago sartzearen aldeko apustua egiten jarraitzeko. Eta Emaktivako partaideak ere animatu nahi zaituztegu ahalduntzera, horizonte berriekin ilusionatzera eta trebatzen jarraitzera.

Emaktiva EDE Fundazioak sustatutako gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu esperimental gisa sortu zen. 2016an sortu zenetik gaur arte, 300 emakumek baino gehiagok parte hartu dute, hainbat egoeratatik abiatuta: pobrezia, genero-indarkeria, emakume migratuak, bakarrik daudenak edo adingabeak eta/edo mendeko pertsonak ardurapean dituztenak, gutxiengo etnikoetakoak, iraupen luzeko langabeak, titulaziorik gabeak eta/edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik diskriminazioa jasaten duten emakumeak. Sare sozial urriak dituzten emakumeak, parte-hartze sozialeko eremuetatik deskonektatuta daudenak eta identitate komunitarioaren gabezia argia dutenak.

Emaktivan definitutako gizarte- eta lan-arloko esku-hartze ereduak laguntza-eredu berritzailea izan nahi du, bidea emango duena ahalduntzeko, autonomia pertsonala eta ekonomikoa lortzeko, parte hartzen duten emakumeak inplikatzeko eta gizarteratzeko eta, azken batean, gizartean erabat txertatzeko.

Lanbidek, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboak finantzatzen dute proiektu hau.

Begoña Gavilánek Emaktiva programan parte hartzeko interesa izan dezaketen enpresei dei egin die emaktiva@fundacionede.org helbidean edo 94 400 99 99 telefonora deituta harremanetan jar daitezen.

2019ko DATUAK:

108 emakumek ibilbide osoak egin dituzte

45 emakumek lanbide-kualifikazioa lortu dute

1.960 irakaskuntza-ordu

3.128 lan-orientazioko ordu

1.327 ordu laneko prospekzioan eta enpresekiko harremanetan eta bitartekotzan

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak