Berriak Osasuna
Eu

Osasun sailburuak Osakidetzako profesionalengan konfiantza izateko eskatu du eta lasaitasun mezua helarazi die herritarrei

2020.eko otsailak 25

Osasun Sailak arnas sintomak dituzten pertsonei, transmisio guneetara joan badira, etxean geratzeko eskatu die, eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora deitzeko: 900 20 30 50

 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua beste autonomía-erkidegoetako arduradunekin bildu da gaur arratsaldean Madrilen, koronabirusen balizko kasuen prebentzioari eta jardunari modu koordinatuan heltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak elkarlanean jarraitzeko prest dagoela berretsi du, eta bilera amaitzean sailburuak lasaitasun-mezua helarazi dio euskal gizarteari. Era berean, Osakidetzako profesionalen taldearengan konfiantza izateko eskatu du, koronabirusaren edozein susmo zorrotz artatzen ari baita.

Bileran, gaixotasuna transmititzeko eremuak eguneratu dira, eta Euskadik dagoeneko gaur goizean aurreratu dituen gomendioak hartu dira: kutsatzeko arriskua duten eremuetatik datozen pertsonek, sintomak badituzte, etxean geratu behar dute eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora deitu (900 20 30 50). Telefono horren bidez, eman beharreko hurrengo pausoen berri emango zaie.

Ez dago gomendio espezifikorik arrisku eremuetara ez bidaiatzeko. Hala ere, sailburuak berretsi du beharrezkoa dela "zentzuz" jokatzea eta arrisku eremu horietara egiten diren joan-etorriak behar-beharrezkoak izatea.

Osasun Saila eta Osakidetza adi daude, eta etengabe aztertzen dituzte orain arte eskuragarri dauden datuak, Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordearekin eta Kontingentzia Planen Batzordearekin koordinatuta. Azken hori arduratzen da ESI bakoitzean beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak proposatzeaz.

Euskadik, joan den urtarriletik, berariazko jarduera-protokolo bat du, nazioarteko gomendioen eta Aholku Batzordearen ekarpenen arabera egina. Protokolo horrek gaixotasun horri aurre egiteko funtsezko alderdiak zehazten ditu: kasuaren definizioa, jakinarazpen-zirkuitua, kontaktuen azterketa, isolamendu-neurriak, erreferentziazko ospitaleak, gaixoaen lekualdatzea, laborategietan analisiak egitea eta osasun-arloko profesionalak babesteko neurriak.

Protokolo hori etengabe eguneratzen ari da; izan ere, datu berriak daudenean egokitu egiten da, horiek, datuen garrantziagatik, sartu behar direla uste bada.  Horretarako, Osasun Sailak etengabeko komunikazioa du Osasun Ministerioarekin.

HERRITARRENTZAKO INFORMAZIOA  

Herritarrek, era berean, Osasun Sailaren web-orrian eskura dute beharrezko informazioa, zalantzarik izanez gero edo gaixotasuna hartu izanaren susmoa izanez gero. Kasu susmagarritzat jotzen da arnas gaixotasun baten berezko sintomak dituena, hala nola eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa, eta aurreko 14 egunetan arrisku-eremuren batera bidaiatu duena, hau da, Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran edo Italiara (Lonbardia, Veneto, Emilia-Romaña, Piamonte eskualdeak).

Hori gertatuz gero, etxean geratu eta Osakidetzako Osasun Kontseiluarekin harremanetan jartzea da gomendioa, 900 20 30 50 telefonoan.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute neurri erraz batzuk hartzea lagungarria izan daitekeela kutsatzea prebenitzeko:

- Eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea.

- Eztul edo doministiku egitean, ahora eta sudurra ondo estaltzea ukondoarekin edo zapi batekin, arnas jariakinak atxikitzeko.

- Ahal dela, behin erabiltzeko zapiak usatzea zintz egiteko, eta erabili bezain laster botatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak