Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak 2019ko Ignacio Ellacuria saria eman dio Anna Ferrer kooperanteari

2020-02-26
  • Epaimahaiak aitortu nahi izan du Ferreren ibilbide pertsonala, eta Indiako komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki, emakumeekin egindako lanagatik

  • Lehendakariak Anna Ferrer kooperantearen lana eskertu du: "Lankidetzari eskainitako bizitza da"

Eusko Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzako 2019ko Ignacio Ellacuria saria Anna Ferrer kooperante britaniarrari eman dio; Vicente Ferrer Fundazioaren presidentea izateagatik da batez ere ezaguna. Iñigo Urkullu Lehendakariak eman dio saria.

Oraingoan, epaimahaiak aitortu nahi izan du kooperante britaniarraren ibilbide pertsonala konpromisoa, irmotasuna, antolaketa gaitasuna, arrazionaltasuna eta sen ona erakusteagatik; bai eta Ferrerek Indiako komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki, emakumeekin,egindako lanagatik ere.  

Era berean, sari honekin epaimahaiak lagundu nahi du emakumeak garapenerako lankidetzan egiten duten izugarrizko ekarpena aitortzen eta ezagutzera ematen. 

Bere jardunean, Lehendakariak Anna Ferrer kooperantearen lana eskertu du. "Lankidetzari eskainitako bizitza da", adierazi du. Lehendakariaren hitzetan, lan horrek milaka pertsonaren patua aldatu du, duintasuna eta itxaropena itzuliz. Ildo horretan, emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko egindako lana goraipatu du.

Lehendakariak iradoki du Anna Ferrerren esperientzia gizarte-enpresaren eredu gisa aztertzea merezi duela, garapenaren zerbitzura dagoen antolakuntza-makina eraginkor gisa, "Emaitzak eta arima uztartzen jakin duen enpresa bat". "Bere konpromisoak eta lanak, bost hamarkada baino gehiagoan, giza izaeraren onena uzten du idatzita gure historian", azpimarratu du.

"Sari hau 50 urte hauetako lanaren errekonozimendu bat baino gehiago da. Sari honek etorkizunera begiratzen du, Anna Ferrerren adibideak eta bere lanak hurrengo belaunaldientzat eraiki nahi dugun munduaren ezaugarriakproiektatzen dituztelako: komunitateen balioa, gizateriaren ikuspegi beti positiboa eta gizaki bakoitza aldaketarako eragile gisa aitortzea, bere horretan baliotsua ", esanez amaitu du.

Ekitaldia gaur goizean izan da Lehendakaritzan, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza ugaria izan da bertan, besteren artean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Osasuneko sailburu Nekane Murga, Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia. Baita Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernández eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortega ere. Vicente Ferrer Fundazioko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Anna Ferrer

Anna Ferrer-ren (Essex, Erresuma Batua, 1947) apustuak garapenerako lankidetzan erreferente izatera eraman du; Indiako komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki emakumeekin, lan egiteagatik, errotze patriarkal handia duen herrialde batean.

Kooperanteak, Vicente Ferrer-ekin batera, Rural Development Trust, Vicente Ferrer Fundazioaren Indiako erakundea sortu zuen 1969an. Helburua zen herrialdeko hegoaldeko pobretutako eta baztertutako nekazaritza komunitateak laguntzea. Kooperanteak borrokatu du beti emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezen, eta horretarako, hezkuntza ahalbidetzen duten ekimenak eta programak bultzatu ditu: osasun arloan berdintasuna sustatzeko, ezkontza goiztiarrak ekiditeko, enpresa-sorkuntzarako edo lidergoa sortzeko, besteak beste.   

Ignacio Ellacuria Saria 

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEAren) bidez. Sariaren xedea da aitortzea Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana. Era berean, GLEAk lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)