Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Lanbidek bat egin du EHU-k Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Campusetan antolatu dituen hiru enplegu-foroekin

2020.eko otsailak 26
  • Donostiako Barriola eraikinak topaketa hauetako lehena hartuko du bihar
  • Datorren ostegunean, hilak 5, Gasteizko Europa Biltzar Jauregira joango da, eta 10ean, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Unibertsitateak EAEko hiru hiriburuetan antolatu dituen hiru enplegu-foroetan parte hartuko du bihartik aurrera. Ekitaldi horien helburua da EHUko ikasle eta tituludunen enplegagarritasuna sustatzea eta gazte horien eta enpresen arteko harremanak erraztea.

Hiru foroak otsailaren 27an eta martxoaren 5ean eta 10ean izango dira. Bihar jardunaldia Donostiako Barriola eraikinean egingo da. Arabako Campuseko foroa hilaren 5ean, osteguna, izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Eta Bizkaikoa Bilbon izango da, Bizkaia Aretoan, martxoaren 10ean, asteartea.

Beste batzuetan bezala, Lanbidek foro horietako bakoitzean stand bat instalatuko du lan-eskaintzei eta enplegua bultzatzeko ildoei buruzko informazioarekin, eta unibertsitateko enplegua sustatzeko programei buruzko hitzaldiak eskainiko ditu, bereziki, enpresa-sektoreari zuzenduta.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enplegu-foroak EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren Errektoreordetzaren eta dagokion campuseko errektoreordetzaren artean antolatuta daude. Arabako foroak, berriz, Gasteizko Udalaren laguntza du.

Unibertsitateko enplegua sustatzea

Unibertsitateko enplegua sustatzen duten Lanbideren ildoak, funtsean, bi programa hauetan biltzen dira: Lehen aukera eta Gazteen itzulera.

Lehenengoak langabezian dauden gazte titulazio edo kualifikaziodunak kontratatzea sustatzen du. Aurretik lan-esperientzia txikia dutenei edo titulazioarekin lotutako lanpostuetan aldez aurretik esperientziarik ez dutenei dago zuzenduta. Lehen aukera programak laguntzak eskaintzen ditu kontratu mugagabe bat edo praktikaldiko kontratu bat egiteagatik, gazteak enpresetan sar daitezen bultzatzeko eta haien laneratzea sendotzeko neurri gisa.

Lehen aukera programa honetako hiru kontratutik bat manufaktura-industriaren sektoretik dator, eta ondoren datoz handizkako eta txikizkako merkataritzako kontratazioak, jarduera profesional, zientifiko eta teknikokoak, eta informazioarekin eta komunikazioekin zerikusia dutenak.

Lanbidek esparru horretan emango dituen hitzaldietan aztertuko den bigarren programak, Gazteen itzulera izenekoak, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean bizi diren 35 urtetik beherako gazte profesionalak Euskadira itzultzea sustatzen du, Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako lan-kontratu bat sinatuta. Programa horrek euskal enpresentzako laguntzak jasotzen ditu, ezarritako soldataren % 50era artekoak izan daitezkeenak. Bestalde, kontratatutako gazteek laguntza bat jasotzen dute joan-etorrien gastuak ordaintzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)