Berriak Lehendakaritza
Eu

A tiempo Servicios y Prevención, Óptica Directa eta Dikoin izan dira Barakaldoko Enpresa Berritzaileen III. Sarien irabazleak

2011.eko maiatzak 13

Lehendakariak ziurtatu du “berrikuntzarik gabe ez dagoela aurrerapenik”, eta Euskadi “ezagutzaren metropoli handi bihurtzeko” Jaurlaritzak “talentuaren alde apustu egiten duela” gogorarazi du

A tiempo Servicios y Prevención, Óptica Directa eta Dikoin Ingeniería enpresek irabazi dute Barakaldoko Enpresa Berritzaileen III. Saria. Ekitaldia Inguraldek antolatu du hiriko enpresa-sarearen barruko ekimen berritzaileak balioesteko. Iaz bezala, aurkeztutako proposamenak maila altukoak izan dira; bereziki, Berrikuntzaren kategoriakoak, eta, azkenean, bi enpresak jaso dute saria.

Berrikuntza modalitatean, Óptica Directa eta A tiempo Servicios y Prevención enpresen artean banatuko da Inguraldek aurreko urtean modu arrakastatsuan ezarri zen enpresa berritzailerik onenari ematen dion 30.000 euroko saria. Ekimenaren kategorian, berriz, saria 12.000 eurokoa da eta ideia berritzaile bat duten eta garatzeko prest dauden erakundeei zuzenduta dago. Aurten, Dikoin ingeniaritza-erakundeak irabazi du saria.

Patxi López lehendakariak eta Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak zuzendu dute gaur Clara Campoamor Gizarte Etxean banatu diren sarien ekitaldia. Sariak tokiko erakundeak eta enpresak Barakaldon joera berritzailea sortzeko egiten ari diren ahalegina babesteko eman dira.

Lehendakariak “beren dirua eta bizitza-proiektua proposamen batengatik arriskatzeko” gai diren ekintzaileak balioetsi ditu. Lópezek azpimarratu du lan hori “erreferentea dela Euskadirentzat”. “Gazte horiek dira egunkarien azaletan egon beharko luketenak, Euskadiren potentziala erakusten dute eta”, gehitu du.

Patxi Lópezek, sarituak zoriontzeaz gain, eskerrak eman dizkie "herrialde bat nola eraiki behar den” erakusten dutelako. Lehendakariak onartu du erakundeek ez dutela enplegua sortzeko aukerarik, baina “arduradun publikoek hazkuntza ekonomikoa eta lanpostuen sorkuntza bultzatzen dituzten politikak martxan jartzeko betebeharra” dutela adierazi du; horrez gain, “krisi garaian ahaleginak bikoiztu egin behar direla” esan du.

Hiru ekimen berritzaile

A tiempo Servicios y Prevención enpresak saria lortu du haren proposamena aurrerapauso bat delako berrikuntza sozialaren barruan, eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duelako.Adineko pertsonen etxeetan suteak prebenitzeko zerbitzu bat eta isolamendu-egoerak prebenituz haien bizi-kalitatea babesteko zerbitzu bat bateratzen ditu.

“Barakaldotik Europara” lelopean, Odire-Óptica Directa familia-enpresa bat da, ia ehun urte ditu eta nazioarteko merkatura iristea lortu du Internet bidez betaurreko graduatuak saltzen dituelako.Enpresa honen berrikuntza garrantzitsua da betaurrekoen ekoizpena Barakaldon zentralizatzen duelako eta Europa osoan saltzen duelako teknologia berrien bitartez.

Dikoin Igeniería enpresak, berriz, unibertsitate-esparruko irakaskuntza-jardueran enpresa bat jaio daitekeela erakutsi du. Enpresaren lana hezkuntza-instalazioetarako ikerketa-ekipoak eta ekipo didaktikoak diseinatu, eraiki eta mantentzean datza.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)