Hezkuntza sailak milioi bat euro bideratu du lanbide heziketako itunpeko ikastetxeen hornikuntzarako (Gobernu Bilera 2020-02-25)
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak deitzen dituen Agindu bat, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeen hornikuntzarako.
Milioi bat euroko diru-kopurua duen deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei, heziketa-zikloetan curriculum-garapenak eskatzen dituen metodo eta erreminta berritzaileak ezartzeko beharrezko dituzten ekipamendu eguneratuak eskuratzeko finantzazioan laguntzea. Laguntza horiek izan daitezke ekipamenduaren erosketa edo alokairuen kuotak finantzatzeko, nahiz ekipamendua instalatzeak eragindako gastuak arintzeko. Era berean, deialdi honek aurreikusiriko laguntzak Enplegu-prestakuntzarako eta lanbide-espezializaziorako programatarako ekipamenduak ere aintzat hartzen ditu.
Gaur egun, Lanbide Heziketa funtsezkoa da Euskadin bai pertsonen enplegagarritasunerako, bai enpresen lehiakortasunerako. Erronka horiei behar bezala heltzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeek aktiboki parte hartu behar dute gero eta espezializatuagoak eta konplexuagoak diren inguruneetan ikaskuntza-metodo berritzaileak ezartzeko aukera emango duten proiektuak diseinatzen eta garatzen. Horrela, ikasleek eskuratutako ezagutzaren benetako transferentzia errazten da, eta, azken batean, enpresen espezializazio-maila handitzen da. Zeregin horretan, ekipamendu eguneratu eta espezifikoa izatea ezinbestekoa da Lanbide Heziketako ikastetxeentzat.
Diruz lagunduriko ekipamendua ondorengo lanbide-arloetako heziketa-zikloetarako eskuratu beharko da: Elektrizitatea eta elektronika; Fabrikazio mekanikoa; Elikagaien industriak; Arte grafikoak; Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza; Garraioa eta ibilgailuen mantentze lanak; Instalatze eta mantentze lanak; Kimika; Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa; Energia eta ura; Itsasoa eta arrantza; Informatika eta komunikazioa; edo Osasuna.
Ikastetxeetatik jasoriko finantzazio eskaeren balorazioa egiteko, batzordeak kontuan hartuko dituen irizpideak honakoak dira: eskaera egiten duen ikastetxeak eskaintzen duen ziklo kopurua; ziklo horietan 2019-2020 ikasturtean matrikulaturiko ikasle kopurua; edo Enplegu-prestakuntzarako programatan emandako prestakuntza ordu kopurua.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeek, 2019-2020 ikasturtean aurrez aipaturiko lanbide-arloetako oinarrizko, erdi mailako edo goi mailako heziketa zikloren bat baldin badute.
Joan zen 2018-2019 ikasturtea, Lanbide Heziketako itunpeko 37 ikastetxe izan ziren orotara laguntza hauen onuradun, Hezkuntza Sailak urtero argitaratzen duen deialdi honen bidez.