Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Eusko Jaurlaritzak abian jarri du gazteentzako Auzolandegiak programa (Gobernu Bilera 2020-02-25)

2020.eko otsailak 25
  • Parte hartzen duten gazteek aukera izango dute beste autonomia-erkidego batzuetan eta atzerrian dauden auzolandegietan ere izena emateko
  • Plaza-trukaketan, beste erkidego batzuetako eta atzerriko gazteek Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan parte hartzea aurreikusi da

Gobernu Kontseiluak gazteentzako Auzolandegiak programaren beste deialdi bat onartu du gaur. Datorren udan ekimen hau abian jartzeak erraztu egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko 18 eta 26 urte bitarteko 200 bat gaztek (30 urtera arte, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat) EAEko, beste autonomia-erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartzea. Plaza-trukaketan, beste erkidego batzuetako 100 bat gaztek eta atzerriko 50 bat gaztek Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan parte hartzea aurreikusi da.

Interesdunek apirilaren 1etik 22ra bitartean, biak barne, eman ahal izango dute izena Interneten dagoen formularioaren bitartez: www.gazteaukera.euskadi.eus.

Datorren udan, Euskadiko auzolandegietan parte hartzen dutenek askotariko jardueratan parte hartuko dute, hala nola: Agurainen hezegune bat leheneratzea; Maeztun indusketa arkeologiko bat egitea; Gaubean Villamordoneseko herri hustua egokitzea; Sopuertan bidegorri bat gaitzea; Bergarako eta Lekeitioko egoitzetan hirugarren adineko pertsonak dinamizatzea; Lemoan lubakiak eta memoria historikoa berreskuratzea; eta Zamudion kalteberatasun nutrizionaleko egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzea eta laguntzea.

Aguraingo, Gaubeako eta Lemoako auzolandegiak nazioartekoak izango dira, eta atzerritarrak ere izango dira bertan. Ingelesa izango dute erreferentzia-hizkuntza. Gainerako auzolandegietan hainbat autonomia erkidegotako gazteek hartuko dute parte, eta euskara eta gaztelania izango dituzte erreferentzia-hizkuntza.

Gainera, urtero bezala, plazak eskainiko dira gainerako autonomia-erkidegoetan eta atzerrian dauden auzolandegietarako; besteak beste, honako hauetan: Alemania, Armenia, Estonia, Frantzia, Grezia, India, Islandia, Italia, Letonia, Maroko, Nepal, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Taiwan eta Turkia.

Auzolandegien bitartez, hainbat balio sustatzen dira, hala nola: bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, kulturen arteko ikaskuntza, etab.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko