Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
Eu

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Euskal Autonomia Erkidegoan turismo ibilgailu gidaridunen (TIG) zerbitzua erregulatzen duen araudiaren lau artikulu indargabetzeari, lehiaren batzorde nazionalak hala eskatu badio ere (Gobernu Bilera 2020-02-25)

2020.eko otsailak 25
  • Eusko Jaurlaritzak uste du dekretuan bildutako mugak beharrezkoak, proportzionatuak eta legitimoak direla, interes orokorreko taxi-zerbitzua mantentzea eta bi garraio-modalitateen arteko oreka bermatzea baitute helburu

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-ibilgailu gidaridunen (TIG) zerbitzua emateko baldintzak arautzen dituen dekretuaren 2., 3., 4. eta 5. artikuluak indargabetzeko egin dion errekerimenduari uko egitea. Errekerimendu hori euskal araudiaren lau artikuluen kontrako errekurtsoa aurkeztu aurreko urratsa da. Artikuluok honako alderdi hauek dituzte aztergai:

  • Zerbitzua hogeita hamar minutu lehenago kontratatu beharra.
  • Bezeroen bila zirkulatzeko, erabilgarri daudela erakutsita aparkatuta egoteko eta ibilgailuak kontratatu aurretik geolokalizatzeko debekua.

EUSKAL DEKRETUA: BEHARREZKOA, PROPORTZIONATUA ETA LEGITIMOA

Eusko Jaurlaritzak Batzorde Nazionalari gogorarazi dio eskumen osoa duela ibilgailu gidaridunak alokatzeko baimenak emateko. Ildo horretan, abenduan onartutako araudia legitimoa, beharrezkoa eta proportzionatua da Euskal Autonomia Erkidegoan TIGen zerbitzuari ezartzen dizkion mugetan, bere helburua baita interes orokorreko zerbitzu publiko bat —taxi-zerbitzua— mantentzea eta hiri barruko bi garraio-zerbitzu moten arteko oreka gordetzea.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du TIGen zerbitzurako gutxieneko aurrekontratazio-aldia ezartzearen eta ekintza jakin batzuk debekatzearen helburua dela iruzurra saihestea eta taxi-zerbitzuaren iraunkortasuna eta egonkortasuna mantentzea, zerbitzu publiko beharrezkoa eta interes orokorrekoa da-eta. Gogorarazi du taxiei eta TIGei ezartzen zaizkien eskakizunak oso desberdinak direla. Esate baterako, taxiek oso erregulazio zorrotza bete behar dute: lizentziak, tarifa finkatuak eta kalitate-, segurtasun- eta irisgarritasun-maila jakinak. Bi garraio-zerbitzuak baldintza-berdintasunean lehiatuko balira, ez litzateke defendatuko taxiek ematen duten zerbitzuaren interes orokorra.

SEKTOREAREKIKO LANKIDETZA

Euskal dekretua Taxiaren eta TIGen Mahaiaren lankidetzaren emaitza da. Beste autonomia-erkidego batzuetan istiluak eta gatazkak izan badira ere, Euskal Autonomia Erkidegoan bi negozio-ereduek elkarrekin lan egin dute Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko jarduera modu ahalik eta eraginkor eta antolatuenean erregulatzen duen araua prestatzen.

Egindako lana, bereziki azken urte eta erdian, zorroztasun eta gardentasun handieneko giroan garatu da, eta horri esker ezarri da administrazioak dekretu hori egiteko esparrua, betiere indarreko araudiaren eskakizun guztiak beteta eta gizartearen interes publikoa eta orokorra ziurtatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko