Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Zaldibarko zabortegiko erreskate- eta egonkortze-lanetan diharduten langile guztiak beharrezkoak diren laneko segurtasun- eta osasun-neurri guztiekin ari dira gauzatzen euren zereginak

2020.eko otsailak 24
  • Gainera, egunero laginak hartzen dira luizitik gertuko zenbait puntutan, zabortegiaren inguruan, airean dagoen amianto-zuntzaren maila egiaztatzeko. Emaitza guztiek erreferentziazko balioaren azpiko kontzentrazio-balioak eman dituzte

Zaldibarko zabortegiko erreskate- eta egonkortze-lanetan diharduten langile guztiak beharrezkoak diren laneko segurtasun- eta osasun-neurri guztiekin ari dira gauzatzen euren zereginak. Zehazki, pertsona guztiek erabiltzen dituzte norbera babesteko ekipamenduak (EPIak), unean uneko zereginetara eta arriskuetara egokituta. Gisa berean, hiru deskontaminazio-eremu jarri dira segurtasun eta osasuna une orotan bermatzeko, laneko sarrera eta irteeraren trantsizio guztietan.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak langileen kontrol eta babesean espezializatutako enpresa bat gehitu dio zabortegiko erreskate- eta egonkortze-lanetan ari den lantaldeari, zuntz-zementuaren moduko amianto karga duten materialen presentzian jarduteko. Enpresa hori laginak hartzen ari da egunero, iragan otsailaren 7az geroztik –ostirala-, luizitik gertu dauden hiru puntutan, zabortegiaren inguruan, airean dagoen amianto-zuntzaren maila egiaztatzeko. Emaitza guztiek erreferentziazko balioaren azpiko kontzentrazio-balioak eman dituzte, hots, 0,01 zuntz/cm3-tik beherako balioak.

Zehazki, kontrolak luizitik gertuen dauden leku irisgarrietan daude jarrita, hau da:

  • Deskontaminazio-unitatearen eremua: zabortegira iristeko errepidean dago. Leku horretan, amiantorako deskontaminazio-unitate bat jarri da, luizitik beretik 10 metrora.
  • Bide sekundarioaren eremua: aurreko errepidearen paraleloa den bide sekundarioa, luiziaren azpitik doana.
  • Baserriaren eremua: aurrekoan kontrako aldean dago kokatuta; luizitik zelaiez bereizita.

Gainera, ingurumen-kontrolerako laginak hartzen ari dira aldi baterako pilatze-eremu deritzanean, zabortegiaren ekialdean. Eremu horretara eraman dira luizitik datozen materialak, bilaketa-lanekin jarraitu ahal izateko.

Gisa berean, airearen kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko Planak jasotzen duen bezala, Ermuan eta Eibarren jarritako laborategi mugikorretan amianto-zuntzen presentzia monitorizatu da, eta horren emaitzak negatiboak izan dira.

Deskontaminazio-eremuak

Esklusek hiru eremu dituzte, euren artean guztiz isolatuta daudenak. Eremu beltzean, langileek euren lan-jantziak eta arropa uzten dituzte; erdian, dutxen eremuan, nahitaez dutxatzen dira lanaldiaren ostean; eta eremu zuria, aldageletara sartu aurretik janzteko.  Horren ostean, langileak dutxatik pasatuko dira, eta eremu garbian arropa berria jarriko dute.

Norbera babesteko ekipamenduak kentzeko eta kudeatzeko jarraibideak honako hauek izango dira:

  1. Jantzi-atalak hezetu egingo dira, dutxa bidez, erantzi aurretik; edo jantzi-atalak garbitzeko xurgagailu bat erabiliko da.
  2. Behar den bezala jantzita dagoen beste pertsona batek lagunduko die eskuetako zinten zigiluak kentzen, horrelakorik badute (eremu zikina).
  3. Botak, jantzia eta eskularruak kenduko dituzte, eta horrelakoak batzeko xedez eremu zikinean dagoen zaku batera botako dituzte. Maskara ez da kenduko (eremu zikina).
  4. Maska jarrita dutxatuko dira (dutxen eremua). Eta dutxatu ostean kendu egingo dute; erabilera bakarrekoa bada, dutxen eremuan dagoen zaku txikiago batera botako dute; edo, bestela, ur eta xaboiz garbituko da maskara. 

Amiantoa duten materialen bilketa hondakin geldoen zabortegietan

Zabortegiaren Ingurumen Baimen Integratuak (IBI) material hori daukaten hondakinak jasotzeko baimena hartzen zuen barne, hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegietan hondakin arriskutsu jakin batzuk onartzeko irizpideak ezartzen dituen europar araudiarekin bat etorriz (Kontseiluaren 2003/33/EE Europar Erabakia).

Horrenbestez, europar araudia oinarritzat hartuta, baimenduta dago LER 170605 kodea (amiantoa daukaten eraikuntza-materialak) sartzea hondakin ez-arriskutsuen zabortegian. IBIaren atal espezifiko bat material mota horri buruzkoa da, zeren ezartzen baititu horiek zabortegian deskargatzeko, tratatzeko eta metatzeko baldintzak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak