Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

documenta 15eko zuzendari artistikoak euskal testuingurua ezagutzen ari dira Etxepare Euskal Institutuaren eskutik

2020-02-19

- Bertako praktika artistikoak ezagutzera eman eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sustatzea xede duen ZABAL egitasmoaren baitan gonbidatu ditu Institutuak.

- documenta 15 zuzenduko duen ruangrupa kolektiboak euren lan ildo eta kontzeptuak aktibatzeko gaitasuna duten proiektu, eragile eta egitasmoak ezagutuko ditu.


2022. urtean Kassel hirian (Alemania) egingo den documenta 15 nazioarteko arte erakusketa zuzenduko duen kolektiboa, ruangrupa, Euskal Herrian da egunotan. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek harrera egin diete gaur Tabakaleran.

Kolektiboko hiru kide etorri dira Euskal Herrira: Ade Darmawan zuzendaria, Indra Ameng programa koordinatzailea eta Ayşe Güleç aktibista eta ikertzailea. Astebetez, bertako proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak ezagutuko dituzte, bereziki euren lan-ildo eta kontzeptuak aktibatzeko gaitasuna dutenak. Testuinguru lokaletan garatutakoak izanagatik, eragin globala eduki dezaketen egitasmoetan dute interesa; jasangarritsauna, aktibismoa, hezkuntza alternatiboa eta ezagutza indigena bezalako gaiekin lotura dutenetan, besteak beste. Orotara, euskal testuinguruko 15etik gora eragilerekin egoteko aukera izango dute pasa den larunbatean Donostiara heldu zirenetik. Halaber, Bilboko Arte Ederren Museoan hitzaldi irekia eman zuten atzo documenta 15erako garatzen ari diren Lumbung kontzeptuaren inguruan.

2019. urtean jarri zuen martxan Etxepare Euskal Institutuak ZABAL egitasmoa, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu eta sendotzeko helburuarekin. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak ekarriko ditu urtean zehar, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko. Proiektua aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen, Lourdes Fernándezek sortutako arte bulegoa, laguntza du Institutuak.

Programa honen lehenengo fasea 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitarte burutuko da. Fase honetan, guztira, nazioarteko zazpi arte komisario gonbidatuko ditu ZABAL egitasmoak. Iazko azaroan, programa martxan jarri eta berehala, etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa, hain zuzen. ruangrupa kolektiboko kideak izan dira bigarrenak Euskal Herrira bisita egiten.

Documenta eta ruangrupari buruz

Documenta nazioarteko erakusketa bost urtean behin egin ohi da Alemaniako Kassel hirian. 1955. urtean sortu zuen Arnold Bode artista, irakasle eta kuradoreak, II. Mundu Gerrak utzitako zauriak eta nazismoak ekarritako kultur aro iluna atzean utzi eta Alemania nazioarteko arte modernoaren abangoardian lerrokatzeko asmoz. documentaren azken urteotako edizioetan nazioarteko artista entzutetsuek aurkeztu dituzte euren lan berrienak, mundu mailan sona handia hartuz. Edizio bakoitzak 100 eguneko iraupena du eta, horregatik, “100 eguneko museoa” izenez ere da ezaguna.

2022an egingo den documenta 15 erakusketa zuzentzeko, hamar kidez osatutako Jakartako ruangrupa kolektiboa izan da aukeratua. 2000. urtean osatutako talde honek artea testuinguru hiritar eta kultural baten baitan kokatzea du helburu eta, horretarako, gizarte zientziak, politika edota teknologiarekin nahasten dute artea euren proiektuetan; Indonesiako gatazka garaikideen inguruan gogoeta kritikoa egiteko asmoz beti ere. Hogei urte hauetan, nazioarteko hainbat egitasmotan hartu du parte ruangrupa kolektiboak; hala nola Gwangjuko, Istanbulgo, Singapurreko edota São Pauloko bienaletan, Parisko Pompidou zentroan edota Sonsbeek arte erakusketan (Arnhem, Herbehereak).

2022an egingo den documenta 15 nazioarteko erakusketarako lankidetzaren ideia hartu dute ardatz, eta Lumbung izenburua jarri dioten kontzeptua garatu dute. Lumbung arroza modu kolektiboan bildu eta gordetzeko sistema da, Indonesiako komunitateetan sarri erabilia dena, etorkizunean arroz ale horiek komunitatearen baliabide gisa edukitzeko. Euren hitzetan, “orientazio globala eta kooperatiboa duen diziplina anitzeko arte eta kultura plataforma bat sortu nahi dugu, documenta 15ek  iraungo dituen 100 egunetatik haratago eragina izango duena”. Lehenengo dokumenta 1955an II. Mundu Gerratik oraindik bizirik zirauten zauriak sendatzeko helburuz sortu zen bezala, documenta 15ek gaur egungo zaurietan, bereziki kolonialismoan, kapitalismoan edota egitura patriarkaletan sustraiak dituzten horietan jarriko du arreta, eta horiek jendeari munduaren ikuspegi desberdina izateko aukera ematen dioten lankidetza-ereduekin alderatuko ditu, ruangruparen gidaritza artistikoaren eskutik.

Prozesuan kuradore, teknologo, ekonomista eta munduko hainbat txokotako egitasmo eta kolektiboekin egingo dute lan.  Espero dutena da kolaboratzaile hauek euren ikuspuntuak lehenbizi norberaren testuinguruetan txertatzea eta gero Kasselen erakustea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)