Eduki hau itzultze prozesuan dago. Bitartean, gaztelerazko bertsioa eskuragarri duzu.
Eu

El Gobierno Vasco prepara la tercera emisión del "Bono Sostenible Euskadi", por valor de 500 millones de euros

2020.eko otsailak 21

EUSKO JAURLARITZA, 500M/€-KOA IZANGO DEN “EUSKADI BONU IRAUNKORRAREN” HIRUGARREN JAULKIPENA ARI DA PRESTATZEN

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburua izango da martxoaren 17an Londresen egingo den inbertitzaileen aurreko aurkezpen ekitaldiaren burua

  • Ogasun eta Ekonomia taldeek topaketak izango dituzte inbertitzaileekin Parisen, Londresen, Frankfurten, Munichen, Dusseldorfen eta Kolonian
  • Bonua BBVAk, Banco Santanderrek, La Caixak, Natixisek eta Nomurak (Asiako merkatuan lanean hasteko xedez) operatuko dute.

 

Eusko Jaurlaritza, Euskadi Bonu Iraunkorraren hirugarren jaulkipena izango denaren xehetasunak amaitzen ari da. Ziurrenez, jaulkipena martxoan izango da. Oraingo honetan, jaulkipenak 500 m/€-ko balioa izango du hamar urterako, hori baita Eusko Jaurlaritzaren zorpetze muga. Jaulkipen honetan, eta berrikuntza gisa, martxoaren 17an aurkezpen ekitaldi bat egingo da Erresuma Batuan (Londres), Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburua buru dela, inbertitzaile ingelesek jaulkipen iraunkorretan duten interes handia egiaztatu eta gero.

Finantza produktua hainbat merkatutan kokatzeko xedez, Ogasun eta Ekonomia Saileko taldea bitan banatuko da, martxoaren 16an eta 17an road show izenekoak egiteko. Horrela, inbertitzaileekin topaketak egingo dituzte Parisen, Londresen, Frankfurten, Munichen, Dusseldorfen eta Kolonian.

Hirugarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzak paper garrantzitsua bete nahi du bonu iraunkorren merkatuaren garapenean, eta finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatu gura du, Euskadik ingurumenean, ekonomian eta gizartean dituen erronkei aurre egiteko.

Aurten, Euskadi Bonu Iraunkorra BBVAk, Banco Santanderrek, La Caixak, Natixisek eta Nomurak (Asiako merkatuan lanean hasteko xedez) operatuko dute.

Finantzatu beharreko kategorien %83 gizarte arloko programak izango dira, eta %17 ingurumen arloko programak. Jarduketa eremuak hauek dira:

  • Prezio oneko etxebizitza.
  • Funtsezko zerbitzuetarako sarbidea, Hezkuntzara eta Osasunera, adibidez.
  • Gizarte Politikak.
  • Enpleguaren sorrera.
  • Energia berriztagarriak.
  • Garraio jasangarria.
  • Ingurumen kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Uraren eta hondakin uren kudeaketa jasangarria.

Aurreko edizio arrakastatsuak

Eusko Jaurlaritzak, 2018an eta 2019an izan duen esperientzia oso positiboa izan da. Lehen jaulkipenean, eskaintza hirukoiztu zuen eskaria jaso zen. 100 inbertitzaile baino gehiagok 1.583M/€ eskatu zituzten, eta 13 herrialdetik iritsi ziren eskaerak. Bonuen %65 nazioarteko inbertitzaileetara joan zen, eta gainerako %35a estatuko eta Euskadiko inbertitzaileetara. Jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominala %1,45ekoa izan zen hamar urterako, altxorraren gaineko oinarrizko 15 puntuko spread-arekin.

2019 ekitaldiari dagokionez, eskaintza laukoiztu zuen eskaria jaso zen. 140 inbertitzaile baino gehiagok (2018an baino 30 gehiagok) 2.508M/€ eskatu zituzten, eta 19 herrialdetik iritsi ziren eskaerak, 2018an baino 6 herrialde gehiagotik. Eusko Jaurlaritzak nazioarteko inbertitzaileetara bideratu zuen bonuen %70, eta gainerako %30a estatuko eta Euskadiko inbertitzaileetara. Jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominala %1,125ekoa izan zen, altxorraren gaineko oinarrizko 10 puntuko spread-arekin.

Nazioarteko eskaria deigarria izan zen, eta azpimarratu behar da inbertitzaileetako bat Norvegiako Funts Subiranoa izan zela, finantza produktu jasangarrien erreferente nagusietakoa.  

Euskal zor publikoaren egoera

Otsailaren 18an, asteartean, 2020rako zorpetzea onetsi zen Gobernu Kontseiluan. Horrela, 2019ko itxierako zorpetze-eragiketak eta 2020an egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko gehieneko zenbatekoa 886 milioi eurokoa da, eta 2020rako adostutako zor publikoaren helburua betetzen dela bermatu beharko du.

2019ko abenduaren 31n, Euskadiko zor publikoak batez besteko 5,60 urteko bizitza eta %1,72ko kostua du, eta BPGaren %12,4 ingurukoa da, Estatuarekin adostutako 2018-2020ko aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak ondo baino hobeto betez, 2020rako helburuak BPGaren %13,2an finkatuta baitzeuden. Euskadiko kontu publikoak, baimendutako zorretik 1.000 milioi euro inguru beherago daude. Eusko Jaurlaritzak 2020rako egin duen aurreikuspena 9.200 milioi euro ingurura jaistea da.

 

 

 Vitoria-Gasteizen, 2020ko otsailaren  21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak