Berriak Osasuna
Eu

Osasun sailak bertan behera utzi ditu Zaldibar inguruko prebentzio-neurriak, sutea amatatua eta CSIC-ek aireko dioxinen eta furanoen maila murriztu dela egiaztatu ondoren

2020.eko otsailak 20

Osasun Sailak segituko du airearen eta uraren kalitatearen jarraipena egiten, sutea itzalita egon arren

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi ditu Zaldibarko Verter Reciclyng zabortegiaren inguruko prebentzio-neurriak, sutea amatuta egonik eta CSICen analisietan inguruko aireko dioxinak eta furanoak, joan den otsailaren 14an emandako gomendioak eragin zituztenekin alderatuta, murriztu direla egiaztatu eta gero.

Erabakia gaur arratsaldean jakinarazi da, ingurumen-kutsaduraren arloan erreferentziazko erakundea den Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) egindako azken lagin-analisien emaitzak ebaluatu dituen adituen batzordeak eskatuta.  Hain zuzen ere, CSICeko ikertzaile eta arlo horretako aditu Begoña Jiménezek Bilbon iritzi publikoari informazioa emateko egindako prentsaurrekoan parte hartu du. Prentsaurreko horretan, halaber, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko sailburuorde Iñaki Berraondok, osasun publikoko teknikari eta Biodonostiako ikertzaile Jesús Ibarluzeak eta EHU/UPVko Prebentzioko irakasle eta ingurumen-teknikari Aitana Lertxundik esku hartu dute.

Guztira (otsailaren 9an hartutako hasierako laginaz gain), 9 lagin hartu dira otsailaren 10etik 16ra bitarte, eta CSICera bidali dira. Adituen arabera, garrantzitsua da lagin horiek guztiak izatea, horrek emango baitu aukera hainbat egunetako bilakaera aztertzeko eta datuak testuinguruan kokatzeko.

CSICetik gaur bertan jaso diren emaitzek adierazten dutenez, dioxinen eta furanoen mailek beheranzko joera nabarmena hartu dute. Egiaztapen horrek eta sutea joan den asteartetik itzalita egoteak eragin dute, hain zuzen ere, joan den astean emandako arreta- eta prebentzio-gomendioak bertan behera uzteko erabakia.

Nolanahi ere, Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondok adierazi duenez, airearen zein uraren kalitatearen neurketak, jarraipena, kontrola eta zaintza egiten jarraituko da, Osasun Sailaren jarduna gidatu duen arreta-printzipioari jarraikiz. Edonola ere, Sailak gogorarazi du dioxinen eta furanoen indizeak esposizio handi eta luzeen kasuan baino ez direla osasunerako arriskutsuak.

Berraondok azpimarratu duenez, suteak itzaltzea oso garrantzitsua izan da inguruko airearen kalitatearen bilakaera onerako. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie azken asteotan suteak itzaltzeko lanetan buru-belarri aritu diren ehunka profesional eta boluntarioei, eta esker ona agertu die, halaber, Osasun Saileko osasun publikoko teknikari guztiei eta UPV/EHUri, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariekin koordinatuta egindako lanagatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak