Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Adimen-gaitasun Handien inguruko jardunaldian parte hartu du

2020.eko otsailak 20
  • Jardunaldiak hezkuntza arloko 350 profesional batu ditu Bilbon, Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Plana ezartzeko ematen ari diren pausoak ezagutzeko
  • Hezkuntza Saila 54 ikastetxetan pilotajea martxan ipintzear da, adimen-gaitasun handiko ikasleen detekzioa hobetzeko

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, hasiera eman dio gaur goizean, Hezkuntza Sailak antolatuta Bilbon burutzen ari den Gaitasun Intelektual Handiko Ikasleei buruzko jardunaldiari. Hezkuntzako 350 profesional baino gehiago –Irakasle, ikastetxeetako zuzendaritza-talde, irakasle aholkulari eta orientatzaile eta Ikuskatzaileak tartean direla– bildu dira gaur goizean Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan, antolatutako mahai-inguru eta hitzaldiak jarraitzeko. Hezkuntza Saila arlo horretan hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzeko garatzen ari den jardueren barruan sartzen da jardunaldia, iazko ekainean abian jarritako Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Planaren bidez.

Irekiera ekitaldian, plan horretan ezarritako helburuak lortzeko Hezkuntza Sailaren jarduerak oinarritzat dituten printzipioak eta elementuak nabarmendu ditu Uriarte sailburuak. "Inklusioaren, prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren, genero-ikusgarritasunaren eta hezkuntza-eragileen prestakuntzaren printzipioak dira hezkuntza-arloko esku-hartzerako elementuak", adierazi du, jarraian, lortu nahi diren helburuak aipatzeko. "Gaitasun handiko ikasleen detekzioan eta hezkuntza-komunitate osorako jardueren sistematizazioan hobekuntza lortu nahi dugu. Kontuan izan behar dugu kasu bakoitza bakarra eta desberdina dela, baina garrantzitsua da hezkuntza-sistema osorako jarduketak sistematizatzea, definitzea eta zehaztea".

Adimen-gaitasun handiei loturik maiz agertu ohi diren mito, uste faltsu edo estereotipoak ere hizpide izan ditu Hezkuntza sailburuak. "Ziurtzat jotzen da, adibidez, gaitasun handiko ikasle guztiak berdinak direla, denetan nabarmendu behar direla. Halaber, irmo baieztatu ohi da ikasle horiek eskola-porrota izaten dutela motibatuta ez egoteagatik, edo, laguntzarik ez izan arren, arrakasta izan dezaketela". Azken iritzi horri dagokionez, azaldu du, badela honako uste hau duen jenderik ere: “beste ikasle batzuen artean premia larriagoak daudela eta horiei lehentasuna eman behar zaiela. Hau da, ez dela hain garrantzitsua gaitasun handiak dituenari laguntzea, eta benetan garrantzitsuena ikaskuntzan gabeziak dituenari laguntzea dela. Bi beharrizan horiek dira garrantzitsuak –esan du- eta beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen laguntza behar duten ikasleen profilei erantzuten jakitea", amaitu du.

Sailburuaren hitzen ondoren, Hezkuntza Sailaren Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Planaren talde eragilea osatu duten kide batzuek plan horren ildo nagusiak azaldu dituzte. Zehazki, honako hauek hartu dute parte: Miryam Martínez, Deustuko Unibertsitatekoa; Arantza Etxebarria, Leioako San Bartolome ikastetxe publikoko zuzendaria; Izaskun Eskubi, Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko aholkularia; eta Belén González, Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Euskal Erakundeko (ISEI-IVEI) aholkularia.

Jardunaldiko programak mahai-inguru bat aurreikusten du. Bertan, lau ikastetxek gaitasun handiko ikasleen detekzioan eta hauekiko esku-hartzean izan dituzten esperientziak partekatuko dituzten. Leioako San Bartolome HLHI, Zornotzako Lauaxeta Ikastola, Tolosako Orixe Institutua eta Gasteizko Carmelitas-Sagrado Corazón ikastetxea izango dira.

Sentsibilizatzea, formazioa eta pilotajea

Hezkuntza Sailak 2019ko ekainean aurkeztu zuen gorago aipaturiko Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Plana. Lan hau osatzeko sailaren beraren hainbat ataletako kideen parte-hartze zuzena izan du –Ikuskaritza zerbitzua, Berritzeguneak-, eta baita bi hezkuntza-sareetako ordezkariena, gaitasun handiko seme-alabak dituzten familien elkarteena eta unibertsitateena ere.

Ikasturte honetan, gure hezkuntza-sisteman ezartzen ari da Plana, eta dagoeneko jarduerak abian dira Planak jasotzen dituen bost jarduera-ardatzetatik hirutan. Alde batetik, hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzeko lana aurrera doa, ikasle horiei erantzun egokia emateko beharraz komunitatea jabetu dadin –eskola inklusiboarekiko konpromisoaren barruan–, eta bide batez, gizartean gaitasun handien inguruan finkatuta dauden mitoak baztertzeko. Bestalde, profesionalen prestakuntzan ere ari da Hezkuntza Saila: bai Berritzeguneetako aholkularien prestakuntzan, bai orain abian jartzen duen pilotajean parte hartuko duten ikastetxeetako irakasleenean.

Hezkuntza Sailak pilotaje bat jarriko du martxan berehala berrogeita hamar bat ikastetxetan. Pilotaje honen helburua da Planak irakasleen eskura jartzen dituen detekzio-tresnen baliozkotasuna eta fidagarritasuna frogatzea. Ikasleak gelan behatzeko tresnak dira, eta balioztatu aurretik probatu behar dira. Horretarako, tresna honen pilotajea Euskadiko 54 ikastetxetako 180 ikaslerekin egingo da, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik DBHko laugarren mailara arte. Ikasle horien heren bat gaitasun handiko ikasle gisa identifikatuta dauden ikasleek osatzen dute; beste heren bat irakasleek gaitasun handikoak izan litezkeela uste duten ikasleak dira, baina ez daude halakotzat identifikatuta; eta gainerako herena ausaz hautatutako ikasleak dira.

Pilotaje horri esker, adituen batzorde batek txostena egingo du, tresna adimen-gaitasun handiko ikasleak detektatzeko baliagarria den egiaztatzeko ala egin beharreko aldaketak zehazteko –egin behar bazaizkio–, tresna beste ikastetxe batzuetan aplikatzen hasi aurretik.

Jarduera ardatz estrategikoak

Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Planak zenbait jarduera-ardatz azpimarratzen ditu, eta horiek -elkarrekin koordinaturik- gaitasun handiko ikasleen hautematean hobetzea dute xede, baina baita hezkuntza komunitate osoak egin beharreko esku-hartzearen sistematizazioan hobetzea ere, kontuan izanik une oro kasu bakoitza bakarra eta espezifikoa dela. Hauk dira ardatzak:

  • Hezkuntza komunitatea adimen-gaitasun handiko ikasleen errealitateaz eta hauei erantzun egokia eman beharraz sentsibilizatzea
  • Hezkuntza-komunitatea prestatzea
  • Esku-hartzea sistematizatzea
  • Berrikuntza-ekintzak sustatzea
  • Hezkuntza eta gizarte eragileekin parte-hartze prozesuak bultzatzea, ekintza kohesionatuak bermatze aldera

Planak garrantzi handia ematen dio gaitasun handien inguruan dauden mito faltsuak hausteko beharrari, baita kasuak behar bezala identifikatzeari ere. Gaur egun, Euskadin 799 ikasle daude adimen-gaitasun handiko ikasle gisa identifikatuta. Aipatu behar da azken 4 urteetan Euskadin gaitasun handikotzat identifikatutako ikasleen kopurua hirukoiztu egin dela, nahiz eta oraindik portzentajea txikia izan. Kontuan hartu behar da, adibidez, Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatzen duela gaitasun handien ehunekoa ikasleen % 3 ingurukoa dela.

Gorago aipatutako datuak (799) barnean hartzen ditu ikasle talentudunak (talenturen batean nabarmentzen diren ikasleak, baina beste batzuetan zailtasunak izan ditzaketenak) eta ikasle supergaituak (hainbat arlotan talentua erakusten dutenak). Hala ere, bi kategoria horiez gain, Hezkuntza Sailak heltze goiztiarreko ikasleak ere identifikatzen ditu: beren hezkuntza-etapan ohikoa baino garapen azkarragoa erakusten duten ikasleak, eta urteen poderioz talenturen bat garatu lezaketenak, edo agian ez, gainerako ikaskideekin berdinduz.

Planak egin azterketak, arreta jartzen du adimen-gaitasun handia duten nesken kalteberatasunean ere. Izan ere, mito, estereotipo eta rol sozialak direla eta jasan behar izaten dituzten ondorioek gaitasun handiko emakume gisa osatu beharreko identitatearen konfigurazioa baldintzatzen diete, eta eskola-arrakasta, arrakasta pertsonala eta arrakasta profesionala mugatzen diete. Egun, hautemandako 10 kasutik 7 mutilak dira, eta 3 neskak.

Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Plana, 2019-2022

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak