Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Guía Repsol Eguzkiak Banatzeko Gala

2020.eko otsailak 24

Guía Repsol Eguzki batekin saritu ditu Guía Repsol-ek jatetxe hauek: Arrea! jatetxea (Araba); Casa Garras eta Porrue (Bizkaia); eta Bailara, Bodega Katxiña, Casa Julián, Félix Manso Ibarla, Galerna Jan-Edan, Iraeta, Kirkilla Enea eta Ganbara (Gipuzkoa).

Jatetxe horiek gehituta, Euskadin 56 dira guztira Guía Repsol Eguzkia dutenak: 8 Hiru Eguzkirekin, 16 Bi Eguzkirekin eta 32 Eguzki Batekin. Guía Repsol Hiru Eguzki dituzten lurraldeetatik bigarrena da, Kataluniaren atzetik.

Guía Repsol-ek gaur ospatu du, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetzarekin, 2020 Guía Repsol Eguzkien banaketa-ekitaldia Donostiako San Telmo Museoan. Ekitaldian Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak eta Repsol-eko kontseilari delegatu Josu Jon Imazek jardun dute.

Sailburuak gogora ekarri du Gala berriro Euskadin ospatu izanaren garrantzia “atsegina delako gure etxeko hainbeste chefi harrera egitea; lagundu egiten duelako Euskadiren irudia turismo gastronomikoari lotutako helmuga gisa indartzen, eta ekitaldi estruktural bat bilakatu delako Eguzki hauen banaketa, kontuan izanda gutxienez 3 edizio Euskadin egin direla eta emankorra izan dela lankidetza”.

Horrekin lotuta, Sonia Pérez Ezquerrak azpimarratu egin du Euskadin gastronomiak duen garrantzia, identitate-ikur bat baita, “aurrekaririk ez duen industria sortzaile bat, lagundu egiten duena berrikuntza bultzatzen eta tokiko kulturen eta kultura globalen arteko loturak sendotzen”.

Guía Repsol Eguzkiak Euskadin

Euskadik, gaurtik aurrera, hamaika jatetxe saritu berri ditu Guía Repsol Eguzki Batekin. Arrea!, Bailara, Bodega Katxiña, Casa Garras, Casa Julián, Félix Manso Ibarla, Galerna Jan-Edan, Iraeta, Kirkilla Enea, Porrue eta Ganbara izan dira Espainia osoan Guía Repsol-ek hautatu dituen 77 Eguzki Bat berriak jasotakoetatik hamaika.

Lurraldeka, Gipuzkoa lehen postuan dago jatetxeen kopuruan: guztira zortzi sartzen dira zerrendan. Tolosaldean, Bailara jatetxeak, Enrique Fleischmann chefarenak, sukaldaritza sinplea eta zintzoa eskaintzen du Bidania-Goiatzen, non errespetu handienarekin hautatzen diren produktuak, haien lurrinak, zaporeak eta forma naturalak aintzat hartuta. Eta Tolosatik, Razvan Pislaruk eta Matías Gorrotxategik bidaia bat eskaintzen dute denboran atzera, 1954ra, 'Casa Julián' jatetxera, non eskaintzen den karta labur-laburrak bizirik mantentzen dituen hasierako klasikoak eta bi espezialitate nagusi: txuletoia Zaharrena eta pikillo piper konfitatuak.

Zestoan, Iraeta jatetxeak, Jon Goikoetxearenak, konplikaziorik gabeko euskal sukaldaritza tradizionala zerbitzatzen du, eta laugarren belaunaldiak filosofia berari jarraitzen dio duela 100 urte baino gehiago bezalaxe: produktua sakratua da eta sasoia da bere bokazioa. Eta Gipuzkoaren beste aldean, Irunen, Xabier Izaguirre Alza agertu da euskal lurrari, tradizioari eta kultura tradizionalari itsatsitako chef gisa Félix Manso Ibarla bere jatetxean, non asmatu egin duen sukaldaritzako bere unibertsoa zabaltzen, bost kontinenteek eta bereziki Asiako zapore bereziek eragiten dioten jakin-minari esker.

Gainera, kostaldeko bi jatetxe sartu dira zerrendan. Bodega Katxiña, Iñaki Zendoiarena, leku hobezina da Katxiña txakolina autentikoa dastatzeko, bikain laguntzen diena Orioko arrantza-herriko zaporeei. Eta Kirkilla Enea, Xabier Zabalarena, jatetxe familiar bat, ahosabaiak konkistatzen dituena euskal sukaldaritzaren eta Zarauzko abangoardiako sukaldaritzaren arteko orekarekin, sasoia hartuta inspirazio nagusitzat.

Eta Guía Repsol Eguzkiak 2020 banatzeko gala honetako hiri anfitrioia ordezkatzen, bi jatetxe: Galerna Jan-Edan, non Rebeca Barainca eta Jorge Asenjo barazki eta ortuen ekoizle txikien alde agertzen diren, baita arrautza onenen, haragi hautatu onenen eta lonjako arrain freskoen alde, Donostiako Zurriola hondartzaren parean. Eta Ganbarak, Amaia Ortuzarrenak, sukaldari guztiek gurtuak, hirian jarraitzaile gehien dituen pintxoak eskaintzen ditu betiko barra batean, produktuen erakusketa ederrenarekin Donostiako alde zaharrean.

Bestetik, Casa Garras eta Porrue dira Bizkaia ordezkatzen zerrendan sartutako bi jatetxeak. Casa Garras, Txema Llamosas chefarena, Karrantza Haranean dago kokatua. Bertan, hirugarren belaunaldiak eramaten du orain famili negozio txiki hau, Enkarterriko eskualdean sustraitua, erreferentziazko jatetxeetako bat bilakatzeraino, bai errezeta tradizionalenetan bai sasoiko plateren sormen handieneko bertsioetan. Eta Bilboren erdi-erditik, Unai Campok eboluzionatu egiten ditu platerak inoiz galdu gabe zaporeen arteko lotura, ezta Porrue jatetxean euskal sukaldaritzaren sustraiei zaien errespetua ere.

Euskadin hautatutako beste bat Arrea! jatetxea da, Edorta Lamo chefarena. Kanpezuko udalerrian kokatua, Araba ordezkatzen du 2020an Eguzkiekin saritutako jatetxeen zerrendan. Arabako mendialdearen erdian, jendez hustutako Espainiako heroien klubera elkartzen da Eguzki Batekin. Sukaldari horiek arriskatu egin ziren beren proiektuak hirietako zurrunbilotik urrunduta aurrera eramatera eta beren bizilagun artzain, ortulari, arrantzale edo mahastizainengan aurkitzen dute konplizitatea beren neurrirako sukaldaritza autoktono bat sortzeko.

 

 

 

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2020.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    Irekia - 11 restaurantes de Euskadi se estrenan con un Sol Guía Repsol https://t.co/6j6vu5iUnf https://t.co/ABO1aSGcU0

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)