Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria: “Gure erronka da gure lurraldeek duten ahalmen osoa baliatzea Giza Garapen Iraunkorraren zerbitzura jartzeko”

2020.eko otsailak 19
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak Garapenerako Lankidetza Deszentralizatua: Tokiko eta eskualdeko ikuspegia erronka globalen aurrean jardunaldietan hartu du parte
  • Otsailaren 19an eta 20an egiten ari diren jardunaldi hauen bidez, gobernu autonomoak, udalak, aldundiak eta GGKEak euren kooperazio-politikak egokitzeko egiten ari diren lana eskertu nahi da
  • Aurten, “Distinción de Cooperación Descentralizada 2020” saria Elkarlanerako eta Elkartasunezko Fondoen Konfederazioak jasoko du

 Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez aldamenean zuela, Iñigo Urkullu lehendakariak Garapenerako Lankidetza Deszentralizatua: Tokiko eta eskualdeko ikuspegia erronka globalen aurrean jardunaldietan hartu du parte. Jardunaldi horietan lankidetzako tokiko, udaletako eta eskualdeetako eragileak bildu dira, garapenerako lankidetza deszentralizatuari balioa emateko eta toki-mailako elkartasunak hainbat esparrutan —adibidez, giza eskubideen defentsan, hirien garapen iraunkorrean, migrazio-krisietan edo pobreziaren aurkako borrokan— egiten duen ekarpen bereizgarriaren gainean gogoeta egiteko.  

Bere hitzaldian, politika publikotan metatutako esperientzia eta ezagutza guztia, jardunbide egokiak eta soluzio teknikoak, zientifikoak, sozialak eta edozein motatakoak Garapenaren zerbitzura jartzeko eskatu du Lehendakariak. “Gure erronka da gure lurraldeek duten ahalmen osoa baliatzea Garapenaren, oro har, eta Giza Garapen Iraunkorraren zerbitzura jartzeko. Horixe da Garapenerako Lankidetza Deszentralizatuaren benetako erronka”, azpimarratu du.

Halaber, Iñigo Urkulluk gogoratu du, gobernu gehienek bezala, Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako ekintzak eta politikak 80ko eta 90eko hamarkadetan hasi zituela, herritarren mobilizazioak bultzatuta. “Konpromisoaz, eragin handia duen politika bati buruz hitz egiten ari gara. Aldeko egoeratan eta testuinguru zailenetan mantendutako lankidetza-politika bat. Olatu-aparretan zegoenean eta hedabideetan eta gizartean eragin txikiagoa izan duenean mantendu den politika. Azken finean, gizarte solidario bati buruz hitz egiten ari gara”, adierazi du.

Garapenerako lankidetza deszentralizatuari buruzko jardunaldiak

Otsailaren 19an eta 20an egiten diren jardunaldi hauek antolatu dira gobernu autonomoak, udalak, aldundiak eta GGKEak euren kooperazio-politikak gizakiek gaur egun dituzten erronketara —adibidez, migrazio-krisiak, pobrezia edo emakumeen eskubideen defentsa— egokitzeko egiten ari diren lana eskertzeko. Eztabaidarako eta gogoetarako espazio honetan hartzen dute parte euskal gizarteko eragile sozialek eta politikoek, 17 autonomia-erkidegotako toki- eta eskualde-administrazioetako arduradun teknikoek eta politikoek, eta nazioarteko erakundeetako eta plataformetako ordezkariek —adibidez, ELGE edo PLATFORMA—.

Inaugurazio-ekitaldian “Distinción de Cooperación Descentralizada 2020” saria banatu dute. Urtero autonomia-erkidegoek ematen duten sari hori aurten Elkarlanerako eta Elkartasunezko Fondoen Konfederazioak —1.050 toki-erakunde ordezkatzen dituen Estatuko 9 fondok osatzen dute— jaso du. Aurten elkarte horrek 25 urte betetzen ditu.

Autonomia Erkidegoen eta Garapenerako Lankidetzaren XIII. Topaketa

Jardunaldiak amaitu eta hurrengo bi egunetan —otsailak 20 eta 21—, 17 autonomia-erkidegotako ordezkari politikoek eta teknikoek esperientziak partekatuko dituzte eta euren sareak sendotuko dituzte aurten Bilbon egingo den Autonomia Erkidegoen eta Garapenerako Lankidetzaren XIII. Topaketan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak