Txikitik mundua eraldatzen
- Herri eta eskualde ezberdinetatik etorritako garapenerako lankidetza eragileek mundu mailako erronken inguruan hausnarketa egingo dute Bilbon hurrengo hiru egunetan
- Otsailaren 19, 20 eta 21ean, garapenerako lankidetzan ari diren herri, eskualde eta tokiko eragile ezberdinak Bilboko Bizkaia Aretoan bilduko dira bi helburu nagusiekin: batetik, garapenerako lankidetza deszentralizatuaren indar guneak azaleratzea eta bestetik, tokiko elkartasun mota honek giza eskubideen alde, pobreziaren aurka, hirigintza jasangarriaren esparruan nahiz migrazio krisialdietan egiten dituen ekarpenen inguruan hausnarketa gaitzea
Datozen hiru egunetan, Bilboko Bizkaia Aretoa elkartasunaren topagunea izango da. Udalerri eta eskualde ordezkariak, ikertzaileak, Europako erakundeak eta Euskadiko nahiz Hegoaldeko herrietako GGKEek bi ekitaldi ezberdinetan parte hartuko dute: Garapenerako lankidetza deszentralizatua Jardunaldietan lehenik eta XIII Erkidegoak eta Garapenerako elkarlana Topaketan ondoren.
Garapenerako lankidetza deszentralizatua Jardunaldiak
Euskal lankidetza publikoak 30 urte bete berri ditu Euskadiko nahiz Hego Amerika, Asia eta Afrikako herritarren begiradak eta bizimoduak eraldatzen. Urteurren hau abiapuntutzat hartuta, antolatzaileek berebizikoa dela uste dute erkidego, udalerri, aldundi nahiz GGKEek euren garapenerako lankidetza politikak egungo munduaren erronkei erantzuna emateko egin duten lana aitortzea. Hala nola, migrazio krisialdien aurrean, txirotasunaren aurkako borrokan edota emakumeen eskubideen alde, besteak beste. Horrela, otsailaren 19 eta 20ean eta Garapenerako lankidetza deszentralizatua: tokiko eta eskualdeko ikuspegia erronka globalen aurrean izenpean, Euskadiko gizarte eragile eta politikariak, 17 Erkidegotako udal teknikari eta ordezakariak eta OCDE nahiz PLATFORMA bezalako nazioarteko erakundeetako ordezkariak bilduko dira eztabaida eta hausnarketa sustatzeko asmoz.
Otsailaren 19an, arratsaldeko 5tan, Jardunaldien inaugurazio ekitaldiaren baitan, Distinción de Cooperación Descentralizada 2020 saria banatuko dute Erkidegoek urtero bezala. Aurtengoan, Elkarlanerako eta Elkartasunezko Fondoen Konfederazioak jasoko du, Estatu mailan 9 Fondo eta tokiko 1050 eragile biltzen dituena. Fondoen Konferedazioak 25 urte beteko ditu 2020an.
XIII Erkidegoak eta Garapenerako elkarlan Topaketak
Jardunaldiak amaituta, otsailaren 20 eta 21ean, 17 Erkidegotako ordezkari politiko eta teknikariek euren esperientziak trukatu eta elkarren arteko sareak indartuko dituzte aurten Bilbon egingo den XIII Erkidegoak eta Garapenerako elkarlan Topaketen baitan.