Berriak Osasuna

Giza amorruaren kasu baten susmoa Araban

2020-02-14

Inportatutako kasu bat da, eta, berrespenaren zain gaudela, abian jarri dira jarduteko protokoloa eta prebentzio-neurriak

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak azaldu du Euskadiko etxe-abereek ez dutela amorrurik

 

Osasun Publikoaren Zuzendaritzari Arabako lurraldeko gizon baten amorru-kasu susmagarri bat jakinarazi zaio. Inportatutako kasu bat da, hau da, hozkada penintsulatik kanpoko animalia batek egin zuen. Zehazki, urrian katu batek hozka egin zion kaltetutako pertsonari hankan, eta sintomen bilakaera eta adierazitako aurrekaria dela eta, gaixotasunaren susmoa sortu da. Gaur egun, pertsona hori Arabako Unibertsitate Ospitalean (Santiago) dago.

Kasua berrestearen zain gaudela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak jarduteko protokoloa jarri du abian, eta ezarritako prebentzio-neurriak hartu ditu dagoeneko. Halaber, kaltetutako pertsonaren ingurunean izandako kontaktuak aztertzen hasi da. Gainera, susmo horren berri eman zaio Osasun Ministerioko Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari.

Amorrua nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasun birikoa da, eta infektatuta dauden etxe-abereen edo animalia basatien hozkaden edo atzamarkaden bitartez transmititzen zaie listuaren bidez pertsonei. Amorruaren inkubazio-aldia oso aldakorra da, eta astebetetik urtebetera bitartekoa izan daiteke. Nolanahi ere, zenbatetsitako batezbestekoa bi hilabete da.

Euskadin, azken 30 urteetan jaso den kasu bakarra joan den abenduan gertatu zen. Hura ere inportatutako kasu bat zen, animalia batek Marokon egindako hozkada batek eragindakoa. Pazientea abenduaren 13an hil zen, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean.

Azpimarratu beharra dago azaldutako kasua susmoa dela oraindik, datozen egunetan lortuko diren behin betiko datuak falta baitira. Nolanahi ere, inportatutako kasu bat denez gero, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak garbi utzi nahi du Euskadiko etxe-abereek ez dutela amorrurik.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute, beharrezkoa izanez gero.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 14a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan