Eu

Josu Erkorekaren ustez, atzoko agerraldia beharrezkoa izan zen

2020.eko otsailak 19

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatu dute, gaur, Herri Irratiko "egunon Bizkaia" saioan. Bertan, gaurkotasun politikoari buruz hitz egin du.

Josu Erkoreka bozeramaileak, gaur goizean egindako elkarrizketan, Lehendakariaren eta sailburuen atzoko agerraldiari dagokionez, azpimarratu du agerraldia beharrezkoa izan zela eta bertan azalpen zehatzak eman zirela, zenbait topiko, zurrumurru eta funtsik gabeko pertzepzio argituz.

Gertaera larri honen aurrean, ikuspuntu guztietatik aurrekaririk ez duena, sailburuak adierazi du gertatu den guztiaren ikerketa eta auditoria osoa eta zehatza egiten ari dela, datuak ahalik eta gardentasun handienarekin ezagutzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritza agente subsidiario gisa ari dela argitu du bozeramaileak. "Egiten dugun guztia atzeraezina delako egiten dugu, baina erantzukizuna enpresarena da", gaineratu du.

Gertaera honen harira, Erkorekak industria-hondakinekin dagoen arazo larriari buruzko hausnarketa egin nahi izan du. "Ingurumen- eta industria- erronkei aurre egin behar diegu ", gaineratu du. Hala, agerian utzi du Euskadi gizarte industriala dela, eta hondakinei irtenbiderik ematen ez bazaie, batzuek gelditu egin beharko dutela.

Gobernu Zentrala lan-erreformari dagokionez hartzen ari den neurriei buruz galdetuta, Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak adierazi du positiboa iruditzen zaiola lege-ekimenak abian jartzea zentzu horretan; are gehiago, uste du onargarria dela erakunde demokratikoei galarazita zeuden eztabaidak irekitzea. Hain zuzen ere, baja medikoengatiko kaleratzearen indargabetzeari buruz aste honetan onartutako errege lege-dekretuari buruz, gogora ekarri du lan-erreformaren punto bere alderdiaren aurkako botoarekin tramitatu eta onartu zela. "Ez geunden lan erreformaren alderdi zehatz horren alde, eta, beraz, orain begi onez ikusten dugu indargabetzea gauzatzea", adierazi du.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogorarazi du bihar Espainiako Gobernuarekin alde biko beste bilera bat egingo dutela Lehendakaritzan, Gernikako Estatutua osorik betetzeari ekiteko. Sailburuak azpimarratu du Espainiako Gobernua konprometituta dagoela egiteke dauden transferentzia guztiekin, bai espetxeenarekin baita Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren kudeaketarekin ere, "horiek baitira Euskadin lehenetsi ditugunak", azpimarratu du. Horren harira, zehaztu du espetxeen eskumen hori Euskadiri dagokiola, legez, duela 40 urtetik, eta horregatik bakarrik eskualdatu behar dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)