Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Teknikaren museoko lokalak Eusko Jaurlaritzari lagatzea onartu du Barakaldok, industria-ondarearen inguruko gune bat sortzeko

2020.eko otsailak 14

Barakaldoko Udalak onartu du, Tokiko Gobernu Batzordean, Eusko Jaurlaritzari Teknikaren Museoko pabiloiak behin betiko lagatzea.  Lurraldeko industria iraganari loturiko museo-erakusketa bat sortzea du helburu lagapenak.  Gaur goizean azaldu dituzte Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Kultura sailburuorde Joxean Muñozek auzorako 3.000 metro koadroko espazio estali bat ere sortuko duen proiektuaren nondik norakoak.  Horrela, bada, laster bihurtuko dira Teknikaren Museoko lokalak iragan industrialaren gune nabarmen. Pabiloietara makineria eta elementu industrialen lagin bat eramateko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, "Zalantzarik gabe, gure hiriarentzat aukera paregabea izango baita", Del Campok ziurtatu duenez.

"Barakaldok fabrika hiria du ezizena, eta harro gaude, eta, beraz, industria museo hau hartzea albiste ona da guretzat", nabarmendu du, gaur egungo turismoan goranzko ardatzetako bat turismo industriala dela gogoratuz, "Gure hiriak zeresan eta ekarpen handia duen eremua", azaldu du alkateak. "Ekipamendu berria estrategikoa izango da duela urte batzuk hasi genuen udal asmoan: ondare industriala zabaltzea eta gozatzea, gure hiriari trakzio turistikoa emateko elementu gisa, ez bakarrik gure lurraldeko udalerrietatik, baita Estatuko gainerako udalerrietatik ere...", adierazi du Del Campok.

Proiektu hau aurrera eraman ahal izateko, beharrezkoa izan da lokalak Eusko Jaurlaritzari lagatzea; lagapenari gaur goizean eman diote argi berdea, Tokiko Gobernu Batzarrean.  Tokiko Gobernu Batzarrak lagapena onartu ondoren amaitu ziren iaz hasitako izapidea, eta Eusko Jaurlaritzak Lutxanako lokal horiek industria-historiarako gune bihurtzeko  konpromisoa hartu zuen.

Konpromiso horren ondorioz, beste izapide bat egin zuen udalbatzak azaroan , eta, horren bidez, indarrik gabe utzi zen elektrizitate-museoa sortzeko Iberdrolarekin sinatutako hitzarmen zaharra.

AUZORAKO GUNEA
Gaur goizean onartutako akordioan teknikaren museoko bi pabiloiak eta horien artean dagoen espazioa 50 urterako lagatzea jasotzen da. Lagapenaren bidez, gainera, Eusko Jaurlaritzak birgaitze-lanak egiteko aukera egongo da.  "Pabiloietako bat guztiz eraberrituta dago, baina besteak eraberritzea behar du, eta, beraz, ateak zabalik daude Eusko Jaurlaritzak berak egin ahal izan dezan", azpimarratu du alkateak.

Horrez gain, auzoarentzat berarentzat ekipamendu handi bat sortzea ere aurreikusten du proiektuak.  Teknikaren museoaren inguruari balioa eman nahi zaio, eta, horregatik, pabiloiaren eta pabiloiaren artean dagoen lursaila estaltzea proposatzen da. Horrela, auzoko bizilagunek, elkarteek eta kolektiboek noiznahi erabili ahal izango duten 3.000 metro koadroko eremu estali bat sortuko da, "Auzotarrek eskatzen ziguten hori, Lutxana auzoak bizitza sozial eta kultural handia duelako", adierazi du Del Campok

Dagoeneko aurkeztu diete auzoko elkarteei proiektua, aiduru baitzeuden. Poza eman die. 

"Udalean ziur gaude, ekimenaren balio historikoaz gain, proiektu hau Lutxana auzoa bultzatzeko eta biziberritzeko aukera bikaina dela, erdiguneko espazioari balioa emanez,  gaur egun gutxiegi erabiltzen baita", ondorioztatu du alkateak.

ASPALDITIK DATORREN ASMOA
Euskadin teknikaren edo industriaren inguruko museo bat sortzeko ideia 1982koa da, Barakaldoko Udalak Bizkaiko Labe Garaiak enpresari erosi zizkionean Lutxana auzoko Orkonerako pabiloiak eta lursaila   (Orconera Iron Ore, meatzaritzako trenbidearen terminala ). . Eraikinak Eusko Jaurlaritzari laga zizkioten, eta hasierako asmoa Euskadiko Industriaren Museoa hartzea izan zen. Urte haietan oso krisi gogorra bizitu zen, eta industria enpresa ugarik itxi edo erabat berritzearen alde egin zuten.  Industriaren gainbehera haren ondorioz, enpresa-materiala metatuz joan zen, eta Euskadiko industria-aniztasuna islatzen zuen material bilduma interesgarria sortu zen.

Material horren zati handi bat Orconerako lokaletan jarri zen, eta mota guztietako materiala zuten bi nabe okupatu ziren, Bizkaiko Labe Garaien laborategiko elementuetatik hasi eta lokomotor edo suhiltzaileen kamioietaraino.  Hala ere, arazo ekonomikoek, baina baita museoak izan behar zuenaren kontzeptuaren inguruko desberdintasunek ere proiektua geldiarazi zuten.Horiek horrela, 2002an, proiektuta geldituta zegoela ikusita, Barakaldoko Udalak lokalak eskatu zituen, beste erabilera bat emateko. Horren ondorioz, Orconerak Lutxanan dituen instalazio historikoak hustu ziren eta bilduma Zorrotzaurrera eraman zen, bere garaian tranbia-balazten eta motor elektrikoen osagaien fabrikatzailea izan zen Consonni enpresa zaharraren instalazioetara. Bildumak Konsoni lantegia izena hartu zuen. 2017tikbisita gidatuen programa baten bidez bisitatzen hasi zen modu erregularrean. Programa hori Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen, Industria Ondarearen eta Herri Lanen Euskal Elkartearekin (IOHLEE) lankidetzan.

Konsoniri lotutako bideaz gain, urte hauetan zehar, beste museo batzuek jaso dute industria-ondarea beren bildumetan.Euskadi izan zen estatu mailan industria-ondarearen behin-behineko inbentario bat egiten lehenengoa, 1990 eta 1994 urteen artean. Bestalde, zenbait erakunde eta norbanakoen lanari esker, bilduma garrantzitsuak osatu da.

Hortaz, ia lau hamarkadako lanari esker, euskal industria-ondarearen bilduma bat osatzeko beharrezko elementuak eta edukiak bilduta zeuden jada, eta proiektu zehatz bat bultzatzea eta hura hartzeko leku egokiena zehaztea baino ez zen falta.

ORCONERAN
Barakaldoko Udala eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi ziren iaz, euskal ondare industrialaren museo edo bilduma bat bultzatzeko proiektuari berriro ekiteko. Gobernu Kontseiluak gaur hartutako erabakiaren ondorioz, Orconerako instalazio zaharrak Eusko Jaurlaritzari lagako dizkio, eta datozen asteetan Konsoni Lantegian biltegiratutako materiala hara lekualdatzen hasiko da. Orconera-Lutxana Industria Ondarearen Bilduma udazkenetik aurrera bisitatzen hasi ahal izatea da helburua.

Euskadiko industrializazioan rol garrantzitsua izan zuen enpresa izan zen Orconera Iron Ore Company Limited. Londresen  sortu zen  1873an nazioarteko kapitalarekin, eta bere helburua zen Magdalena, Orconera, Previsión, Carmen, Ser, San Antonio, Mora eta Unión meatzeetako burdina ustiatzea. 9.387 metro koadroko partzela batean, guztira 1.400 metro koadro inguru daude erabilgarri, neurri bereko bi pabiloi paralelotan banatuta: OrconeraHegoaldea (715 m) eta Orconera Iparraldea (710 m). Horien artean belarrez estalitako zabalgune handi bat dago. Pabilioiak handiak eta erabat garbiak dira, eta arkitektura industrial soil eta funtzionalaren irudikapen bikaina dira.

BILDUMA
Konsonin gordetzen den eta Orconera eramango den materiala askotarikoa da eta katalogatutako 2.000 pieza inguru ditu. Bildumako elementuen artean honako hauek daude: Euzkadi egunkariaren errotatiba, portuko garabi bat, Eibarko armagintzako piezak, Barakaldoko Lube markako motoak edo Petronorrek Muskizen duen lantegiaren maketak, beste askoren artean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak