Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak kreditu-erakundeei, kutxei eta bankuei “erantzukidetasunez” jokatzeko eta enpresei likidezia emateko eskatu die

2011.eko maiatzak 11

Euskal enpresen etorkizuna ziurtatzeko, lehendakariak dio “enpresariek, zuzendariek eta langileek ahaleginak partekatu behar dituztela, bai zamei dagokienez, bai irabaziei dagokienez”

Patxi López lehendakariak euskal enpresariak zoriondu egin ditu beren lanagatik; izan ere, “ez etsitzea erabaki dute, merkatuak berreskuratzeko borrokatzea eta mundura irtetea Euskadin aberastasuna eta lanpostuak izan ditzagun”, esan du. Lópezek “harro” azpimarratu du euskal langileek egin duten lana, “beren interesen defentsa legitimoa eta enpresa salbatzeko taldeko ahaleginaren beharra bateratzen dakitelako”. Horrez gain, likidezia arazoak konpontzeko, guztiei “erantzukidetasunez” jokatzeko eskatu die, eta euskal enpresak munduko merkatuetan nazioartekotzea “funtsezkoa” dela esan du, eta, “orain, bereziki, azaleratzen ari diren merkatuetan”.

“Gobernuak, nahi badu ere, ez dauka eskaera osoari aurre egiteko adinako muskulu finantzariorik”, azaldu du López lehendakariak, eta instituzioek nahiz kreditu-erakundeek, kutxek eta bankuek enpresa-sistemaren likidezia-arazoekin amaitzeko “inplikatu” behar dutela adierazi du. “Horren menpean dago gure etorkizuna, eta denek parte hartu behar dute”, erantsi du Lópezek.

Lehendakariak CEBEK patronal bizkaitarrak urtero egiten duen Biltzar Nagusian parte hartu du. Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin den bazkari batean egin da. Bertan, lehendakariarekin batera, Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza eta Turismo sailburua eta Gemma Zabaleta Lan eta Gizarte Gaietako sailburua ere egon dira.

Lehendakariak "enpresen barruan” bestelako erantzukidetasun bat ere ikusi behar dela azpimarratu du, “egoera zailetara egokitu behar dute, krisiak dakartzan zailtasunei aurre egin eta aurrera ateratzeko. Enpresariek, zuzendariek eta langileek ahaleginak partekatu behar dituzte, bai zamei dagokienez, bai irabaziei dagokienez”, gehitu du. “Soldata eraginkortasunarekin lotzearen alde nago, baina urritasun-garaietan ez ezik, errendimendu altukoetan ere bai”, ziurtatu du. Horrez gain, erantzukidetasuna zer ez den azaltzeko adibide bat jarri du eta “albiste lazgarritzat” jo du “Telefónicak 6.000 langile kaleratuko dituela iragarri duela eta aldi berean 450 milioi euroko irabaziak banatu dituela zuzendarien artean”.

Bukatzeko, lehendakariak azpimarratu du nazioartekotzea garrantzitsua dela “gure ekonomia lehiakorra izan dadin, munduko merkatu handietan egon behar dugu, eta orain, bereziki, azaleratzen ari diren merkatuetan”. Patxi Lópezek ziurtatu du nazioartekotzearen bidean enpresek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dutela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari, Bernabé Unda, Carlos Aguirre