Eu

Eusko Jaurlaritzaren Adinekoekiko Partaidetza Publiko Sozialaren Eredua hautatu dute autonomia, estatu eta nazioarteko hiru biltzarretan parte hartzeko

2020.eko otsailak 15
  • AGENDA NAGUSIk kolektibo horren balorazioak eta ondorioak partekatuko ditu, urtebetez zaintzaile ez-profesionalen egoerari buruz batera hausnartzen jardun ondoren.

Bi 20 02 14

European Social Network (ESN) erakundeak iragarri du AGENDA NAGUSI eredua aukeratu dutela, Hanburgon uztailaren 10ean izango den Gizarte Zerbitzuen Europako Biltzarrean parte hartzeko, Panel Tematiko batekin. ESNren urteko ekitaldirik garrantzitsuena da, eta aukera paregabea eskaintzen du auzi sozialen arloko hainbat gai estrategikoz eztabaidatzeko, jardunbiderik onenak partekatzeko eta antzeko ideiak dituzten kideekin harremanak izateko. Nazioarteko gobernu-maila desberdinetako eta sektore pribatuko 500 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte, bai eta pertsonen bizitza hobetzen aritzen diren hirugarren sektoreko erakundeek ere. Biltzarrean, sektore guztietako hainbat erakundek tailerrak egingo dituzte, Europa osoko jardunbide egokien adibiderik berrienak erakusteko.

Era berean eredua hautatu dute Politika Sozialeko Espainiako Sareak (REPS) uztailaren 1etik 3ra arte Bilbon egingo duen biltzarrean parte hartzeko, eztabaida-mahai bat osatuta. Politika Sozialeko Espainiako Sarea Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu dute elkarrekin, Sareen Sarearen eta Eguía Careaga Fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren lankidetzarekin, eta Espanet-en -Politika Sozialak Aztertzeko Europako Sarearen- esparruan. Praktika eta jakintzako komunitatea izan nahi du, gure inguruan herritarren ongizatea babesteko eta sustatzeko estrategia publikoak eraikitzen, ezartzen eta ebaluatzen garrantzitsuak diren hainbat eragilerentzat; eta haren urteko biltzarrak izango dira ahalegin horretan elkartzeko eta aurrera egiteko hitzordu nagusia. Oraingo honetan lema hau izango da: “Bizitza zaindu, gizarteratzea bermatu, aniztasunean bizi”.

Ageing Lab Fundazioak -edo Zahartzeari buruzko Jakintza Sareak- jakinarazi du AGENDA NAGUSI eredua duela, Zahartzeari eta Mendekotasunari buruzko III. Biltzar Intersektorialeko Berrikuntza Gunean txosten bat aurkezteko, biltzarra urriaren 28an eta 29an izango baita Jaenen. Bi urtez behingo topaketa horretan, hamar bat herrialdetako 450 profesional baino gehiago biltzen dira, eta sektorearen nazioarteko gogoetarako behatoki gisa agertzen da. Zahartzeari buruzko ikerketa-, plangintza- eta kudeaketa-arloko munduko aditu garrantzitsuek azalpenak eta hausnarketak egiten dituzte hainbat eragileren ideia berritzaileei buruz; ideia horiek arrakastaz heltzen baitiete aldaketa demografikoaren erronkei, programa sortzaileen eta ikerketa berritzaileen bidez, eta hausnarketarako eta parte hartzeko gune bat eskaintzen baitiete adineko pertsonei, protagonista izanda.

AGENDA  NAGUSI

AGENDA NAGUSI  Eusko Jaurlaritzako adinekoekiko parte-hartze publiko sozialerako eredua da;  hura 2019-2022rako Nagusientzako Gobernantzarako Euskal Estrategiatik sortu zen.  AGENDA NAGUSI ekimena Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategiaren oinarrietako bat da, eta zenbait aukera dakartza; aukera horien bidez, Euskadin zahartzen diren pertsonek berengan eragina duten arazoen partaide izan daitezke eta haiek partekatu, eta administrazioarekin jardun dezakete elkarlanean, irtenbide onenak bilatzeko.

10 urte baino pixka bat gehiagoko epean, euskal herritarren erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu, eta % 10ek (200.000 pertsona) 80 urtetik gora, eta ez da aurreikusten belaunaldi-erreleborik.  Euskadiko biztanle-piramideak erakusten du zainketak funtsezko kontua izango direla etorkizuneko gizartean.  Euskal Autonomia Erkidegoan, gaur egun, 217.171 pertsonak egiten dituzte zainketa-lanak adinekoekin; haietatik, % 80k ia etxean egiten du, modu ez-profesionalean.  Haietatik, % 70 emakumea da.

Agenda Nagusiren helburua da zaintzaileek zer behar duten galdetu eta ezagutzea, zer duten faltan eta hobetzeko zer proposamen dauden, irtenbideak diseinatu ahal izateko eta ahalik eta oinarri zabalenarekin erabakiak hartu ahal izateko.  Hausnarketa kolektibo horren ondorio nagusien bidez, Zaintzaile Ez Profesionalen etorkizuneko Euskal Estrategiaren prestatze-lana aberastuko da; aurten Eusko Jaurlaritza hura prestatzen.  Haren helburua da zaintzaileen eta zainketen beharra dutenen bizi-kalitatea hobetzea eta, horretarako, genero-ikuspegia eta zainketetan gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna nabarmentzea, eskubide-berdintasunaren oinarriko kontu den aldetik.

2019an, AGENDA NAGUSIk 400 pertsona inguru batu ditu, Euskadiko zenbait udalerritako parte hartzeko 10 ekitaldiren bidez.   4 foro zabal hiru euskal hiriburuetan eta EHUn –Age Kafe izenekoak, erabilitako world kafe metodologiagatik; haien bidez, gai sakonak azter daitezke, hausnarketa-mahai batzuen inguruan sortzen diren trukeetatik–, eta 6 foro txikiagoak, zaintzaileekin eta dinamika hauen erdigune den gaian tartean diren profesionalen kolektiboekin:  zaintzaile ez-profesionalen egoera. 

Urrira arte dinamika honetan parte hartu duten ia 400 pertsonetatik, gehienak zaintzaileak dira, zaintzaile ez-profesionalentzako laguntza-ekimenak, zainketen profesionalak, zainketak jasotzen dituzten pertsonak, lotutako enpresak, eta herritar interesdunak.

Jasotako hausnarketa eta ideiek zainketen balioa nabarmentzeko funtsezko ondorio batzuk adierazten dituzte: zerbitzu eta prestazio soziosanitarioen ikuspegia zabaltzea eta, horretarako, arreta zaindutako pertsonan baino ez jartzea, zaindua-zaintzailea binomiora zabaltzeko; komunikazioa, informazioa eta orientazioa eraginkortasunez helaraztea, zainketa-prozesu osoan zehar, eta zainketaren inguruko balioetan hezi eta kontzientziatzea.

Agenda Nagusi

Pertsona Nagusientzako Gobernantzarako Estrategiak hiru dimentsio ditu:  Estrategia bera: AGENDA Nagusi eredua, adinekoentzako parte-hartze publiko sozialerako eredua. Eta pilotutzaren esperientzia, zeinak eredu teorikoa moldatu eta praktikara eraman nahi baitu, parte hartzeko ekitaldien bidez, agenda politikoaren gaietan murgilduta dauden biztanleen kezkak eta hausnarketak batzeko. Aurten aukeratu den gaia zaintzaile ez-profesionalena izan da. 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak