Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriarte sailburua Isabel Celaa Hezkuntza ministroarekin elkartu da

2020.eko otsailak 13
  • Bileran aztertutako gaien artean izan dira: beken euskal sistema blindatzea, irakasleen MIR gisa ezagutzen dena, egungo LEPen eredua eta gai-zerrenden eguneratzea aztertzea edo Lanbide Heziketako LEPetara sartzeko baldintzak malgutzeko premia

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Isabel Celaa Hezkuntza ministroak bilera izan dute gaur goizez Madrilen. Hezkuntza Ministerioaren egoitzan elkarturik, hezkuntza arloko gaurkotasun gaiak aztertu dituzte bi arduradunek, eta horien inguruko diagnostikoak elkarrekin partekatu dituzte.

Uriarte sailburuak Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea izan du lagun bileran, eta Euskal Hezkuntza Sistema hobetzeko funtsezkotzat jotzen dituen hainbat gai azaldu dizkio ministroari. Horietako batzuek gobernu bien arteko lankidetza behar dute, edo Espainiako gobernuaren prestasuna Eusko Jaurlaritzatik eginiko proposamenak positiboki balora ditzan.

Euskal Hezkuntza Sisteman, hainbat arlotan gertatzen ari diren aurrerapausoen errepasoa egin du Uriartek Celaarekin. Euskadik inklusibitatearen eta gizarte kohesioaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du. Funtsezko gaiak izaki horiek, Hezkuntza Ministerioaren horiekiko konpromisoa bilatzen du Uriarte sailburuak. Gertatzen ari diren aldaketa sozialek –erronka demografikoa, besteak beste – gobernuen arteko lankidetza handiagoa eskatzen dute.

Bileran jorratutako gaien artean, egungo Hezkuntza Legeak izan du protagonismo nabarmena. Uriartek, aurreko bileretan legez, LOMCE baliorik gabe uzteko eta azken urteetan eragin duen ziurgabetasunari amaiera emateko beharra berretsi dizkio ministroari. Lege horren edukietako askok Euskadik hezkuntza arloan dituen eskumenak urratzen dituzte, eta horregatik, beharrezkoa da gehiengo berri batek aldaketa sakonak adostea, hezkuntza-kalitatea hobetzen jarraitu ahal izateko. Uriartek gogorarazi du, adibidez, Euskadik ebaluazio-sistema propioa garatzeko lanean jarraitzen duela, eta premia hori ezin duela mugatu hezkuntza-komunitateak irmoki arbuiatutako lege batek.

Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak berretsi du eztabaida lasaia, gogoetatsua eta arduratsua  nagusitu behar direla adostasunerako bidean, azken urteetan bultzatu nahi izan den judizializazioaren aldean. Estatuko Abokatutzak Euskadiko beka sistemaren aurka aurkeztutako helegiteak eta horien ondoriozko sententziak dira esandakoaren adibide. Eusko Jaurlaritzarentzat oso larria da, oraindik ere, beken kudeaketan 30 urte baino gehiago eman ondoren, euskal gizarteak bere buruari eman dion beka-sistema uniformizatu nahi izatea. Sistema horrek –helburu berera bideratutako beste ekintza batzuekin batera- hezkuntza-sistema oso ekitatiboa sortzea lortu du, eta baita eskola-uzte goiztiarraren tasa baxua ere: Estatuko tasarik baxuena eta Europako batez bestekoa baino nabarmen hobea. Cristina Uriartek elkarrekiko errespetuaren eta adostasuna bilatzearen alde egin du, eta jarrera horrek eragin beharko luke egungo Espainiako Gobernuak aurreko exekutiboen beligerantzia berarekin jarduteari uztea.

Irakasleen MIR, Lanbide Heziketa eta “pasabideak”

Bileran zehar, Cristina Uriartek bere kezka eta gaitzespena helarazi dio Celaá ministroari, Hezkuntza Ministerioak Estatu osorako irakasleen MIR delako bakarra bultzatzeko duen asmoagatik. Eusko Jaurlaritzak ez du ekimen horren inguruko informaziorik, hedabideen bidez ezagutu duenaz beste. Irakasleen prestaketa hobetzearen garrantzia nabarmendu du Hezkuntza sailburuak, baina beti ere leku bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta, uniformizatu beharrean. Uriartek Hezkuntza ministroari gogorarazi dio Euskadik Unibertsitateko Prestakuntza Dualaren aldeko apustu sendoa egiten duela, prestakuntza mota honek Euskadiko errealitate eta ezaugarriei erantzuna ematen baitie, eta irakasleen prestakuntza bultzatzen jarraituko duela, hezkuntza-etapa guztietan.

Lan Eskaintza Publikoen egungo eredua eta gai-zerrendak eguneratu beharra ere bileran jorratu dira. Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza sailburuak azaldu du beharrezkoa dela Hezkuntza Ministerioak araua aldatzea, Lanbide Heziketako LEP batera aurkeztu ahal izateko Master Trebatzailea egiaztatzeko beharrari dagokionez. Baldintza horrek zaildu egiten du esperientzia handia duten profesionalek LEP baten bidez plaza bat eskuratu ahal izatea. Gainera, goi-mailako teknikariaren titulazioa edo baliokidea duten irakaskuntzako profesionalek 2007 urtea baino lehen irakaskuntzako esperientzia egiaztatu behar izateak, Lanbide Heziketako plaza baterako LEP batera aurkeztu ahal izateko, ezinezko egiten du izangai askok plaza horietako bat eskuratzeko aukera izatea.

Jorratutako gaien artean beste bat izan da, unibertsitateko ikasketak aintzatestea, Lanbide Heziketako ikasketekin baliozkotzeko. Gaur egun, Hezkuntza Sailak "pasabideak" sortu ditu Euskadin, eremu bereko unibertsitate-ikasketak egiteko orduan Lanbide Heziketako ikasketak onartzen dituztenak. Horrek erraztu egiten du Lanbide Heziketako ikasle ugarik unibertsitatera salto egitea. Hezkuntza Ministerioaren araudiak, ordea, ez du alderantzizko ibilbidea aurreikusten. Hezkuntza Sailak horregatik eskatzen du Euskadin "norabide biko pasabideak" aktibatu ahal izatea, ikasleen mesedetan eta hauek ahalik eta prestakuntza onena izan dezaten.

Bileraren ostean, sailburuak zein ministroak bi gobernuen arteko harremana indartzea adostu dute, elkarrizketaren bidez, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko ekimenak adosteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @profesortbaker
    2020.eko otsailak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 La consejera @C_UriarteToledo se ha reunido con la ministra de Educación Isabel Celaá ➡︎ https://t.co/jo30Qk3yL9

    📌 Temas:…

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)