Berriak Osasuna
Eu

Euskadin berriz ere behera egin du gripearen intentsitateak

2020.eko otsailak 13

Denboraldi honetan, orain arte, 1.079 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, eta horietatik 270ek larritasun-irizpideak betetzen zituzten

 

Euskadiko gripearen intentsitateak behera egin du aste honetan, eta 100.000 biztanleko 248 kasu izan dira; aurreko astean 306 kasu izan ziren. Orain dela bi aste gertatu zen bezala, intzidentzia-tasak berriz ere behera egin du, nahiz eta, aurtengo gripe-epidemiak beheranzko joera hartu duela esan ahal izateko, oraindik ikusi egin beharko den datozen asteotan zein izaten den gripearen bilakaera.

Intentsitatean izandako beheraldi horrek isla izan du Lehen Mailako Arretan artatutako kontsulta-kopuruan ere. Zainketa Epidemiologikoaren/Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenak otsailaren 3tik 9ra bitarteko aldia aztertu du, eta txosten horren arabera osasun-zentroek 3.498 kontsulta erregistratu dituzte gripe-sindromeagatik; aurreko astean, aldiz, 5.052 erregistratu zituzten.

Horrez gainera, denboraldi honetan, orain arte, 1.079 lagun ospitaleratu behar izan dituzte gripea zutela baieztatuta, eta horietatik 270ek larritasun-irizpideak betetzen zituzten. Gripeak eragindako konplikazioen ondorioz 35 pertsona hil dira.

Oraingoz, denboraldi honetako eragin handieneko garaia urteko hirugarren astean izan da, eta une hartan gripearen intentsitatea 100.000 biztanleko 359,2koa izan zen. Joan den denboraldian ere 2019ko hirugarren astea izan zen eragin handieneko unea. Orduan, 100.000 biztanleko 532,5 kasuko intzidentzia-tasa izan zen.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020 otsailak 13

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau