Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Josu Erkoreka: "Espetxeen kudeaketaren transferentzia nahi dugu, bergizarteratzera eta berreziketara bideratutako politika propioa egin ahal izateko"

2020.eko otsailak 14

Josu Erkoreka Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburua Onda Cero irratiaren Bilboko estudioetan izan da gaur goizean. Bertan, elkarrizketa bat eskaini dio kate horretako Mas de uno saioari, eta gaurkotasun politikoa aztertu du aipatutako irrati-saioa gidatzen duten kazetariekin.

Bozeramaileak, Euskadik Gobernu Zentralarekin duen harremanari erreferentzia eginez, gogorarazi du Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua osatzeko betebeharra duela. Gainera, zehaztu du espetxeen eta Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumenak transferitu egin behar direla, Gernikako Estatutuan hala jartzen baitu. Erkoreka sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren transferentzia nahi duela birgizarteratzera eta berreziketara bideratutako politika propioa egin ahal izateko, betiere Gernikako Estatutuak aitortzen duen eskumenaren mugen barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoan hauteskundeak deitzearen inguruan, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak deitzeko hartutako erabakiak ez duela zerikusirik izan Kataluniarekin. Erkorekak azaldu duenez, arrazoiak endogenoak izan dira: "Oposizioak, jada, oso jarrera mugatua zuen gure ekimenarekin".

Sailburuak azpimarratu du Euskadin elkartasun handia dagoela Kataluniarekin eta, batez ere, gatazkaren judizializazioaren ondorio lazgarriekin. "Baina ez dago Kataluniako bidea imitatzeko prestutasunik, errealitate ezberdinak dira", gaineratu du.

Era berean, Zaldibarko zabortegiko luiziaz galdetuta, Josu Erkorekak azpimarratu du Zaldibarko aire eta ur neurketa guztiak onak izaten ari direla. Horrez gain, argitu du Eusko Jaurlaritzak enpresari errekerimenduren bat egin diola hainbat arau-hausterengatik, baina horietako bakar bat ere ez dagoela tragediaren jatorrian. "Gobernuaren artxiboetan ez dago jasota lurra mugitzeko edo irristatzeko arriskurik", zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)