Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Zaldibar: Gobernuak zigor-espedientea ireki dio enpresari, egindako arau-hausteengatik

2020-02-13

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur, Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” saioan. Aktualitate politikoaz aritu da Erkoreka.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur goizean Bizkaia Irratiari eskaini dion elkarrizketan, aditzera eman du atzo arratsaldean Verter Recycling enpresarekin egindako bileran bi erabaki garrantzitsu jakinarazi zizkiola Eusko Jaurlaritzak enpresari. Hala nola, egindako arau-hausteengatik zigor espedientea ireki dela, eta, bestalde, egoerak okerrera ez egiteko enpresak beharrezko neurri guztiak premiaz hartzeko agindu zion.

 Zaldibarko zabortegiaren luiziaren inguruan, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du lehentasuna pertsonak direla. “Desagertuak aurkitu behar dira baina horretarako lanean dabiltzanen segurtasuna bermatu beharra dago”, nabarmendu du. Hori horrela, bozeramaileak azaldu du lurrak egonkortu behar direla lehendabizi makinak lanera sartu ahal izateko. Gainera, Ekorekak adierazi du Eusko Jaurlaritza hasiera hasieratik egon dela bertan familiei babesa ematen. “Lehenengo unetik egon dira Gobernuaren ordezkariak egoeraren jarraipena egiten”, esan du.

Erkorekak elkarrizketan landu duen beste gaia eskumenen transferentzien ingurukoa izan da. Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak esan du itxaropentsu daudela datorren astean Darias Ministroarekin egingo duten bilerarako. “Aurreko bileran jarrera ona atzeman genuen eta oraingoan ere holan izango delakoan gaude”, gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)