Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien, eta EUDELen elkarlanari esker, euskara ikastea B2 mailara arte doakoa da dagoeneko EAEko euskaltegietan
- Euskadiko Artxibo Historikoan egindako prentsaurreko batean iragarri dutenez, ikasleek bi baldintza bete beharko dituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta dagokien maila gainditu
Erakundeen arteko elkarlanaren ondorioz, euskara ikastea B2 mailara arte doakoa da dagoeneko EAEko euskaltegi guztietan. Horixe da Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek gaur goizean iragarri duten berritasuna. Helburu hori lortu ahal izateko, azken urteotan zehar erakundeek adostasuna bilatu dute bideratzen dituzten diru-laguntza lerro ezberdinak osagarriak izan daitezen, harik eta herritar guztientzat euskara ikastea doakoa izatea lortu arte. Laguntzak jasotzeko eta euskararen ikaskuntza doakoa izan dadin, ikasleek bi baldintza bete beharko dituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu (ikasprozesuan aurrera egin).
Pauso berri hori ezagutzera emateko prentsaurrekoan, Euskadiko Artxibo Historikoan, doakotasuna posible egiten duten erakundeetako ordezkariak izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea eta EUDELeko presidentea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasun zuzendaria; eta Lexuri Ugarte, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.
Zupiria sailburuak adierazi duenez, neurria eraginkorra izango da euskararen ezagutza sustatzen jarraitzeko: “Euskadiko hainbat tokitan euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua baxua da oraindik, eta euskararen ezagutza sustatzen eta indartzen jarraitu egin behar da. Ezagutza da erabilerarako ezinbestekoa pausoa, eta estrategikoa da bide hori bultzatzea. Erakundeen arteko lankidetzak posible egin du B2 mailara arteko doakotasuna lortzea, eta uste dugu herritarrentzako berri pozgarria dela, maila horrek eraginkortasunez komunikatzea bermatzen baitu”.
Era berean, sailburuak azaldu du garrantzitsua dela diru-laguntzak ikasleen ardura eta konpromisoarekin lotzea: “Doakotasunaren helburua lortzeko bide ezberdinak proposatu dira azken urteotan. Gure ustez, diru-laguntzek ikasleen konpromisoarekin lotuta egon behar dute. Euskaltegietara joatea eta ikasprozesuan aurrera egitea eskatuko zaie”.
EUDELeko presidente Gorka Urtaranek, bere aldetik, adierazi du "udalak direla gure herritarrak ondoen ezagutzen dituztenak, baita tokian tokiko errealitateak ere". "Horrexegatik, oso garrantzitsua da aspalditik udalez udal euskara bultzatzeko egin izan den lana. Doakotasuna bultzatzea udalek hizkuntza politikan eta euskararen sustapenean duten konpromisoaren adierazgarri da. Orain, euskal erakunde guztiok elkarlanean bultzada erabakigarria eman nahi diogu euskarari, herritarren egunerokoaren parte izan dadin", esan du.
Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, adierazi duenez, “euskara ikasteko ahalegina eta pausoa ematen duten horiek guztiek” merezi dute “gizartearen esker ona” eta Administrazioaren “babes osoa”, hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean egiten duten “ekarpenagatik”. Foru zuzendariak gaur azaldutako akordioaren oinarrian dagoen “erakunde arteko elkarlana” azpimarratu du.
Diru-laguntzak
B2 mailara arteko doakotasuna lortu ahal izateko erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira ia lau milioi euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi gehiago); Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako diru-laguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.
Diru-laguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Alde batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegien bidez maila egiaztatzen duten ikasle guztiek diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, beti ere asistentzia baldintzak ere betetzen badituzte. Bestetik, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute diru-laguntza jaso ahal izateko eta ikasprozesua doakoa gerta dakien. Hala ere, irailetik aurrera maila guztietako ikasleentzat, B2koentzat barne, nahikoa izango da euskaltegiko maila gainditzea.
Diru-laguntzak jasotzeko epeari dagokionez, 2020ko urtarriletik irailera arte A1, A2, B1 edo B2 maila gainditzen dutenek, abenduan jasoko dute laguntza. Zenbatekoari erreparatuz, ikasleak maila hori gainditzeko jarritako diru-kopurua itzultzera joko da, beti ere ikasprozesuaren kostuen baitan.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan 103 euskaltegi daude eta 35.000 ikasle inguruk izena ematen dute ikasturtero. Ikasle guztien % 70 inguruk B2 mailan edo beherakoetan ematen dute izena.