Eu

Europako Batzordeak EBko Enplegu eta Gizarte Politikako Kontseilua (EPSCO) prestatzeko lan-taldeari zehaztu dio "gizarte-gaietan eta enplegu-gaietan bidezko trantsiziorako funtsa" sortzea

2020.eko otsailak 11

 

  • Helburua: gizarte-gaietan ikuspegi klimatikotik ekonomia neutrala garatzeko laguntzak ematea eskualdeei
  • Akordio Berdearen esparruan, digitalizazioarekin, energia berdeen eta berriztagarrien erabilerarekin, hezkuntzarekin eta lanbide-heziketarekin lotutako proiektuak finantzatuko ditu
  • Beste ekimen batzuekin —adibidez, FSE+— batera finantzatuz, eskualde kutsagarrienetara zuzenduko da.
  • Seihileko honetan Euskadik Estatuko autonomiak ordezkatzen ditu lan-topaketa horietan

Brusela, 2020-02-11

EBko Enplegu eta Gizarte Politikako Kontseilua —EPSCO— prestatzeko lantaldeak, Bidezko Trantsiziorako Funtsa (BTF) sortzeko proposamena aztertu du gaur Bruselan. Europako Batzordeak funts hori honela aurkeztu du: “digitalizaziora iragateak eta, bereziki, alderdi sozialetan zein enpleguan, klima-aldaketa ekiditeko edo murrizteko ekintzak eragin dezaketen inpakturako finantziazio-tresna". Euskadik Estatuko autonomiak ordezkatuz hartu du parte jardunaldian.

 

Ivan Dvornik kroaziarra buru zela gaur —asteartea— egindako bileran, Europako Batzordeko Enpleguko Zuzendaritza Nagusiaren ondoko Adriana Sukovak “Bidezko Trantsiziorako Funtsa” izenekoa aurkeztu du. Funts horrek Akordio Berdearen esparruan kokatutako gizarte eta laneko gaiak jorratuko ditu. 

 

“Funtsaren helburua da eskualdeei gizarte-gaietan ikuspegi klimatikotik ekonomia neutrala sortzen laguntzea. Beraz, honako hau trebetasunak eta ahalmenak babesteko funtsa izango da” zehaztu du Sukovak. Funts hori, antzeko beste ekimen batzuekin —adibidez FSE+— batera finantzatuz, eskualde kutsatzaileenetara —klima-aldaketak eragiten dituen erronkei aurre egiteko estatu kideek egindako txostenetan oinarritutako Europako Batzordearen azterketen arabera— zuzenduko da.

 

Horretarako, eredu ekonomiko neutral eta iraunkor batera iragateko digitalizazioarekin, energia berdeen eta berriztagarrien erabilerarekin, hezkuntzarekin eta lanbide-heziketarekin lotutako proiektuak finantzatuko dira.  Ordezkaritzek neurri berri hori ontzat eman dute, “ingurumenaren gaineko efektuak murrizten lagundu dezakeelako; gizarte-gaietan izango duen eragina, ordea, ikusteko geratzen da”.

 

Estrategia

2020ko lehen seihilekoan EBko lehendakaritza duen Kroaziako ordezkaritzaren agindupean, Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumoko Kontseilua (EPSCO Kontseilua) prestatzeko lantaldeak, iragan ostiralean, otsailak 6, honako gai hauek aztertu zituen: genero-indarkeria, independentzia ekonomikoa eta emakumeak lan-merkatuan sartzeko gaiak aztertzeko etorkizuneko estrategia; 2008ko maiatzean Batzordeak aurkeztu zuen Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren (GEEF) inguruko Araudiaren proposamenari buruz, Europar Batasuneko Kontseiluaren, Europako Parlamentuaren eta Europako Batzordearen (trilogoa) arteko negoziazioak; eta genero-berdintasunari eta bazterketa ezari buruzko 2020rako Europako Batzordearen lan-programa.

 

GAS Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumo Kontseiluaren (EPSCO Kontseilua) prestaketa-lantaldea da. EPSCO Kontseiluak EBko Estatu kide guztietako Enplegu, Gizarte-gai, Osasun eta kontsumitzaileak babesteaz arduratzen diren ministerioetako titularrak biltzen ditu. Europako komisario eskudunek ere hartzen dute parte bileretan. Urtean, normalean, EPSCO Kontseiluaren lau bilera egiten dira. Orokorrean, bilera horietako bitan enpleguko eta gizarte-politikako gaiak bakarrik jorratzen dira. Hurrengoa martxoaren 19an egingo da.

 

Esparru honetan, EBren jarduketaren helburu globala honako hau da: “herritarren maila eta bizi-kalitatea handitzea, bereziki kalitatezko enpleguak edukiz, eta gizarte-babes, osasun-babes eta kontsumitzaileen interesei babes handia eskainiz”.

 

Enpleguaren eta Gizarte Politiken arloan, Kontseilua enplegurako urteko orientabide batzuk lantzeaz arduratzen da. Hala, Estatu kideek orientabide horiek kontuan hartzen dituzte euren politika nazionaletan. Europako Parlamentuarekin batera, lan-baldintzak, gizarteratzea eta genero-berdintasuna hobetzeko legeak ere idazten ditu.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ivan Dvornik; Adriana Sukova