Eu

Eusko Jaurlaritzak esku-hartze sozialaren esparruan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko 4,7 milioi euroko dirulaguntzetarako deialdia onartu du (Gobernu Bilera 2020-02-11)

2020.eko otsailak 11
  • Beatriz Artolazabal: “Kalteberatasunik handieneko pertsonengana iristen den laguntza-sareari laguntzeko egindako ahalegin ekonomikoa da”

Gobernu Kontseiluak Euskadiko esku-hartze sozialaren esparruan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzetarako deialdia onartu du gaur goizean, 4.792.480,00 euroko zenbateko batez.

 “Gizarte-inklusioaren, familiaren, haurren eta nerabeen babesaren, etorkinen integrazioaren, adinekoen eta abarren arloetan kalteberatasunik handiena jasaten duten pertsonengana egunez egun iristen den laguntza-sareari laguntzeko ahalegin ekonomikoa da”, adierazi du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.

Aurrekontu horren bidez, Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ekonomikoki lagunduko die irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei, gizarte-zerbitzuen eta esku-hartze sozialaren esparruan jarduerak egin ahal izan ditzaten.

2020ko deialdiak hiru jarduketa-ildo ditu.

1.- Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin egin beharreko esku-hartze sozialeko jarduerak, 3,7 milioi eurotik gorako zenbateko batez. Dirulaguntza-ildo horren barruan, pertsonekiko, familiekiko, taldeekiko eta komunitateekiko esku-hartze sozialeko jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa. Zehazki, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzera eta babestera bideratutako jardueretarako (eta, ahal bada, esperimentazioa edo berrikuntza dakarten jardueretarako) laguntza da.

2.- Esku-hartze sozialaren esparruan ekintza boluntarioa eta elkarteen parte-hartzea indartzeko jarduerak, 599.000 euroko zenbatekoarekin. Ildo horren barruan, esku-hartze sozialean diharduten erakundeek ekintza boluntarioa areagotzera, parte-hartzea garatzera eta entitateak, sareak edo federazioak (ahal bada Autonomia Erkidegokoaren esparrukoak) sortu eta hobetzera bideratutako jarduerek jaso ahal izango dute finantzaketa.

3.- Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak, 450.000 euroko zenbatekoarekin. Ildo horren barruan, esku-hartze sozialerako baliagarria den jakintza produzitu eta eskuratzera bideratutako jarduerak babestuko dira, hala nola prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak egitea eta zabaltzea, ikastaroak eta mintegiak.

Euskadiko hirugarren sektore sozialak 38.525 enplegatu ditu, eta 158.599 boluntarioren parte-hartze soziala bideratzen du. Joan den urtean, 363 proiektu finantzatu ziren 348 entitateren bitartez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko