Berriak Segurtasuna
Eu

1.788.719 pertsonak eman ahal izango dute botoa Eusko Legebiltzarra hautatzeko apirilaren 5ean egingo diren hauteskundeetan

2020.eko otsailak 11

Hauteskunde-prozesuari buruzko informazioa www.elecciones.eus webgunean eskuratu ahal izango da

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailak 11.

Guztira 1.788.719 pertsonak osatzen dute 2019ko abenduaren 1ean itxitako hautesle-errolda, eta XII. legealdian Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatu ahal izango dituzte apirilaren 5ean. Hauteskunde-prozesua gaur hasiko da, hauteskundeetarako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, eta datorren maiatzaren hasieran, Eusko Legebiltzar berria eratzen denean, amaituko da. Prozesu osoa gainbegiratzeaz Hauteskunde Batzordeak (zentrala, autonomia erkidegokoa, lurralde historikokoa eta eskualdekoa) osatuko dituzten 115 gizon-emakumeak arduratuko dira. Segurtasun Saileko Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak abian jarritako www.elecciones.eus webgunearen bidez eskuratu ahal izango da abian jarri den prozesuari buruzko informazio guztia.

 

Apirilaren 5ean egingo diren hauteskundeetan, INEk berritu ditzakeen datuen zain, 2019ko abenduaren 1eko zentsuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 1.788.719 pertsonak eman ahal izango dute botoa hurrengo legealdian (2020-2024) Eusko Legebiltzarrean egongo diren 75 ordezkariak hautatzeko.

 

Azken hauteskundeetan 1.778.776 pertsona zeuden 2016ko irailaren 25eko hauteskundeetan botoa ematera deituta. Horrek adierazten du hautesle-erroldak 0,56 egin duela gora 2016koarekin alderatuta. Lurraldeei dagokienez, adierazi behar da 947.791 Bizkaikoak direla, 582.938 Gipuzkoakoak eta 257.990 Arabakoak.

 

Atzerrian bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten pertsonei dagokienez, 2020an 75.169 pertsona egongo dira egoera horretan, hau da, 2016an baino 6.010 gehiago.

 

Aipatu behar da Hauteskunde Batzordeek euren agintealdia luzatuta dutela azaroaren 10eko hauteskunde orokorretatik. Hauteskunde Batzordeak dira prozesu osoa behar bezala joango dela zaintzeaz arduratzen direnak. Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea izango da prozesuaren arduradun nagusia, eta juristek eta judikaturako kideek osatutako lurralde historikoetako hiru batzarren eta eskualdeko beste hamar batzarren laguntza izango du.

 

Datozen asteotan zehaztuko dira Eusko Legebiltzarrerako datorren apirilaren 5eko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai-zerrenden datuak.

 

Hauteskunde-prozesuaren urrats nagusiak

Deialdia EHAAn argitaratu ondoren emango dira hauteskunde-kronogramako lehen urratsak. Zehazki, alderdi politikoek otsailaren 12tik 19ra bitartean izendatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean hautagai-zerrendetako ordezkari nagusi izango diren pertsonak, eta hurrengo egunetan izendatu beharko dituzte hautagai-zerrendak barruti bakoitzean ordezkatuko dituzten pertsonak, administratzaile orokorrak, ahaldunak, artekariak eta abar.

 

Deialdia egiten den une beretik kanpainaren hasiera ofizialera bitartean, debekatuta dago hauteskundeetarako propaganda egitea kartel bidez, merkataritza-euskarri bidez edota hedabideetan. Aldi berean, udalek hauteskunde-propagandarako eta hauteskunde-egintzetarako erabili beharko diren lekuak eta espazioak izendatzeko epea irekitzen da.

 

Posta bidez bozkatu nahi dutenek gaurtik, asteartea, martxoaren 26ra bitartean eskatu ahal izango dute posta bidez bozkatzeko aukera. Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren eta bozkatu nahi duten pertsonek otsailaren 11tik martxoaren 7ra bitartean eskatu ahal izango dute. Halaber, gaur hasten da braillen bozkatzeko aukera eskatu nahi dutenentzako epea.

 

Otsailaren 17tik aurrera egongo da ikusgai hauteskunde-errolda udaletan eta kontsulatuetan, eta egun horretan zabalduko da arlo horretako erreklamazioak egiteko epea. Egun horretan bertan emango dira argitara hiru Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan hauteskundeetarako sekzioak, lokalak eta mahaiak.

 

Martxoaren 7tik 11ra bitartean, hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak egingo dira. Martxoaren 12tik 14ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaiak osatuko dituztenei, eta argibideen eskuliburuak emango zaizkie.

 

Martxoaren 10ean EHAAn argitaratuko dira hauteskundeetan parte hartuko duten hautagai-zerrendak.

 

Martxoaren 20an hasiko da modu ofizialean hauteskunde-kanpaina, eta apirilaren 3ra arte luzatuko da, apirilaren 5eko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte, hain zuzen ere. Bozketaren egunean, mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko dira eta arratsaldeko zortzietan itxiko dira, eta une horretan emango zaio hasiera emaitzak zenbatzeari.

 

Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeek zenbaketa orokorra Legeak finkatzen dituen egunen epean hasiko dute, eta kargu hautetsiak berandurenera jota apirilaren 30ean aldarrikatzea aurreikusten da. Errekurtsoak jartzeko epe guztiak amaitu ondoren, emaitzak behin betiko argitaratuko dira EHAAn, eta hori maiatzaren 8a baino lehen izango da. Legebiltzarra maiatzaren hasieran osatzearekin emango zaio hasiera, modu ofizialean, legebiltzarreko hamabigarren legegintzaldiari.

 

 Bozkatzeko zentroak

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetako datuen arabera, urte hartan guztira 720 lokaletan eman ahal izan zuten botoa boto-emaileek (101 Araban, 338 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan), eta guztira 2.593 mahaia izan ziren. Hauteskunde horietan 7.779 herritarrek osatu zituzten hauteskunde-mahaiak, eta horiei beste 15.558 ordezko gehitu behar zaizkie. Herritar horiek arduratu ziren hauteskundeak behar bezala bideratzeaz.

 

Botere publikoek arreta berezia eskainiko diote desgaitasunak dituzten pertsonek gainerako herritarren baldintza beretan botoa eman ahal izateari. Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan bezala, entzuteko desgaitasuna duten eta hauteskunde-mahaikide suertatzen diren pertsonek zeinu-hizkuntzako interpreteen laguntza izango dute, hala nahi badute.

 

Informazio zehatza webgunean

Prozesuaren egutegia, bozkatzeko eta postaz bozkatzeko prozedurak, hauteskunde-gida, mahaikideentzako gida eta inprimaki elektronikoak dira www.elecciones.eus webgunean kontsultatu ahal izango diren atal eta informazioetako batzuk. Webgune hori laster aktibatuko da, eta apirilaren 5eko hauteskunde-deialdiari buruzko informazioa kontsultatu nahi duen edonorentzat egongo da operatibo.

 

Webgune horretan kontsultatu ahal izango da Eusko Legebiltzarra berritzeko abian jarri den prozesuaren alderdiei buruzko informazio zabala eta zehatza. Era berean, Euskadin egin diren aurreko hauteskunde-deialdiei buruzko datuak eta emaitzak ere kontsultatu ahal izango dira bertan.

 

Halaber, webguneak Twitter kontuarekin (@hauteskundeak) lotzeko aukera ematen du. Izatez, kontu horretan ia denbora errealean emango dira hauteskunde-prozesuari buruzko albisteak eta datu interesgarriak. Aurreko aldietan bezala, herritarrek 012 telefonoa ere erabili ahal izango dute galdera eta kontsulta pertsonalizatuak egiteko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)