Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Josu Erkoreka: "Jaurlaritzaren lehentasuna pertsonak dira, talde teknikoak eman beharreko pausoak eta estrategia lantzen ari dira"

2020-02-12

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan, gaurkotasun politikoko gaiak jorratu ditu.

Gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Zaldibarko zabortegiaren luiziaren harira, esan du pertsonak direla Gobernuaren lehentasuna. Erkorekak azaldu duenez, talde teknikoak lanean ari dira magala egonkortzeko estrategia eta eman beharreko pausoak zehazten, pertsonen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Enpresaren eta Eusko Jaurlaritzako lan segurtasun eta ingurumen taldeen arteko elkarlana ia hutsaren hurrengoa izan dela argitu du bozeramaileak. "Hasierako erantzuna ez da larrialdi egoeraren zorroztasunaren eta larritasunaren ondorio izan", gaineratu du. Gainera, aurreko egunetan enpresak magalaren eta zabortegiaren egonkortasunari buruzko informazioa izan balu, Eusko Jaurlaritzarekin partekatu behar zuela azpimarratu du. Enpresak erakutsi duen jarrera ikusita, Josu Erkoreka sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza behar diren neurriak hartzen ari dela, enpresaren erantzuna itxaron gabe.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak erabateko arduragabekeria eta jarrera mugatzailea erakusten ari direnak aipatu ditu, Eusko Jaurlaritzaren aurkako kritikak eginez. "Zorigaitz bat aprobetxatu dute Gobernuaren aurka egiteko", adierazi du. Josu Erkorekak azpimarratu du Gobernua lehen unetik egon dela bertan. "Gezurtatu egiten ditut lurrez, itsasoz eta twitterrez egindako kritikak. Lekuko naiz lehendakariak, ostegunean bertan, Krisi Mahaia lehenengo minututik muntatzeko agindu ziola Segurtasuneko sailburuari. Lehen egunetik gaude han. Zuzendari batzuk bertan lo egiten dutela esan daiteke", zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)