Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Etika eta gobernu onaren kodea (2011-05-10(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko maiatzak 10

Erabakia, Eusko Jaurlaritzako kideen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden goi-kargu, behin-behineko langile eta zuzendaritza-karguen etika eta gobernu egokiaren kodea onartzen duena.

Gobernuko kideen, goi-kargudunen, behin-behineko langileen eta Euskadiko sektore publikoko gainontzeko zuzendaritza-karguen Etika eta Gobernu Onaren Kodea onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.
Helburua
Beharrezko lege baliabideak eta baliabide materialak emanda, egungo euskal herritarren itxaropenak beteko dituen, kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiko dituen eta administrazio publiko batek gizarte demokratiko batean bete behar duen paper garrantzitsua beteko duen euskal administrazio publiko baterantz joatea.
Zergatik da beharrezkoa etika-kode bat edukitzea?
Jarduera publikoaren eredu berri konprometitu eta arduratsuagoak ezartzea da kodearekin lortu nahi dena. Hain zuzen ere, zuzendaritza-jardunbide hobeak sustatzen dituzten ereduak ezarri nahi dira eta, gainera, eredu horiek herritarren eta zuzendaritza-kideen arteko konfiantza sendotzeko tresna bihurtzea nahi da.
Hortaz, zuzendaritza-kideen eguneroko lanean hainbat etika-printzipio ezartzea da helburua: zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoa emateko borondatea, etab.
Kodearen bidez, langileek lana etika- eta portaera-printzipio hauek oinarri hartuz egitea bermatu nahi du Eusko Jaurlaritzak:
- gardentasuna eta kudeaketa eraginkorra
- erabateko dedikazioa
- inpartzialtasuna
- eta herritarrenganako orientazioa eta hurbiltasun handiagoa.

Zeini eragiten dio?
Gobernuko kideei, goi-kargudunei, behin-behineko langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko, bere erakunde autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 7. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera Jaurlaritzaren mende dauden sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako zuzendaritza-kideei.

Zergatik orain?
Legegintzaldi honetan zehar, Eusko Jaurlaritzak berrikuntza garrantzitsuak sustatuko ditu funtzio publikoaren eta arlo publikoko zuzendaritza-kideen alorrean. Berrikuntza horietan, bateraezintasunen, ordainsarien eta zerbitzura sartu eta bertatik kentzearen erregimena berrikusi eta aldatu nahi du besteak beste eta, horrez gain, balio etikoetan eta gizalegezko bertuteetan oinarritutako zerbitzu publikoen kultura politiko berri bat sartu.
Gobernu ona, gainera, boterearen erabileran legitimazio handiagoa lortzeko bitartekoa da, herritarrei politikarekiko konfiantza itzultzen dien tresna.
Jarduera hau, arlo publikoko zuzendaritza-kideentzat orain indarrean dagoen arautegia landu edo aldatzeko beste jarduera zabalago baten zati da, eta etorkizunean lege-proiektu bat izapidetuz gauzatuko da.

Zer da "gobernu ona"?

Ustelkeriarik, iruzurrik, arbitrariotasunik, gaitasun gabeziarik, xahukeriarik, eraginkortasun gabeziarik eta antzekorik ez egotea da gobernu ona.

Zentzu baikorrean, gobernu onak ahalegina egin behar du erabakiak hartu eta ezartzeko prozesua (gobernantza, alegia) arau hauei erantzunez egin dadin: parte-hartze demokratikoa, gardentasuna, kontu-ematea, legeekiko errespetua, etab.; guztiak ere balio moral eta etikoetan oinarritutako arauak.

Nola ziurtatzen da betetzen dela?
Balio eta jarrera horiek etikoa denaren parte dira, hau da, derrigorrezkoa denaren baina erantzukizun publikoak aldi batez beren gain dituztenek barru-barrutik eta nahi dutelako, kanpotik inposatu gabe onartzen dutenaren parte.
Kodeak izaera positibo eta sustatzailea dauka, arau juridikoekin baino moralarekin eta gizarte-erabilerekin zerikusi handiagoa duten jokabide-jarraibideak biltzen baititu.
Alabaina, kodea inolako eraginik ez duen aitorpen hutsean gera ez dadin, ahalik eta publizitaterik gehiena emango zaio eta sistema hauek ezarriko dira berau aztertzeko:
- Kodearen edukiari atxikitzeko sistema: Kargua onartu aurretik kodearen edukiarekiko adostasun-adierazpena egitean datza. Dagoeneko lanean ari diren kargudunek ale bat jasoko dute aztertu eta bere edukiarekiko atxikimendua adieraz dezaten.
- Jarraipen- eta ebaluazio-sistema: Kodean bildutako etika-printzipioek arduradun politikoen jardueren ingurumariei buruzko informazioa etengabe ematen laguntzeko prozedura ezarri nahi da eta, aldi berean, denboran etenik ez duen "tentsio positiboko" giroa sortu erakundean.
Jarraipen-sistemak eraginkortasun-maila egokia lortu dezan, Etika eta Gobernu Onaren Batzordea eratuko da Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren barruan.
Hiru kide izango ditu batzorde horrek: Funtzio Publikoko sailburuordea, Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko sailburuordea eta Lehendakaritzaren mendeko Koordinaziorako idazkari nagusia. Funtzio Publikoko zuzendaria jardungo da idazkari-lanetan.

Etika eta Gobernu Onaren Batzordeak zeregin hauek ditu:
Betearazpenari dagokionez:
a) Kodearen eremu subjektiboaren eraginpean dauden subjektuei aholkuak ematea eta egiten dituzten kontsulta eta galderei erantzutea.
b) Kodearen edukien inguruan sortzen diren intzidentziei buruzko jakinarazpenak jasotzea eta Intzidentzien Erregistroan sartzea. Intzidentzia erregistratu ondoren, batzordeari beharrezkoa iruditzen bazaio, kontra egiteko prozedura hasi ahal izango da eta prozedura horretan entzunaldia eskainiko zaio interesdunari. Prozeduraren emaitzaren ondorioz, batzordeak Jaurlaritzaren Kontseiluari txostena bidali ahal izango dio, hark hartu beharrekotzat jotzen dituen neurriak har ditzan.
c) Lortutako diagnostikoaren arabera, kodea berregin edo aldatzeko aholkatzea dagokionari.

Zabalkundea

Kodea oso-osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Eusko Jaurlaritzaren intranetean eta zuzeneko komunikaziorako Irekia kanalean. Horrez gain, oro har euskal herritarren eta bereziki identifikatutako interes-taldeen eskura jarriko da.


Etika eta Gobernu Onaren Batzordeak kodearen ale bana bidaliko die oraingo kargudun guztiei, jasotzen duten egunetik 15 egun balioduneko epean beraien atxikipena gauzatu dezaten.

Más información

Más información

4 iruzkin
  • @rafacamu
    2015.eko abenduak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @TransparenteCAN: Enlaces a los 3 códigos de ética y buen gobierno aprobados por el Gobierno Vasco en 4 años
    https://t.co/zvXIHFnjqW cc …

  • @alorza
    2015.eko abenduak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @TransparenteCAN: Enlaces a los 3 códigos de ética y buen gobierno aprobados por el Gobierno Vasco en 4 años
    https://t.co/zvXIHFnjqW cc …

  • @TransparenteCAN
    2015.eko abenduak 30

    Comentario de Twitter:
    Enlaces a los 3 códigos de ética y buen gobierno aprobados por el Gobierno Vasco en 4 años
    https://t.co/zvXIHFnjqW cc @alorza

  • @txarliegarcia
    2011.eko uztailak 27

    Comentario de Twitter:
    Los parlamentarios del PSE-EE también van a firmar el Código de Ética que exige el Gobierno Vasco a sus altos cargos: http://bit.ly/n74Y2W

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan