Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lana eta Justizia
qrcode

San José sailburua Justiziako ministro Juan Carlos Camporekin bildu da

2020-02-10

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék eta Justiziako ministro Juan Carlos Campok lan-bilera bat egin dute gaur, eta, besteak beste, Euskadin Justizia Administrazioa zerbitzu publikoaren prestazioari dagokionez bikaintasun-mailarik handienean kokatzeko egiten ari diren urratsak aztertu dituzte.

Bilera Justizia Ministerioaren Madrilgo egoitzan egin da, eta San José sailburua pozik agertu da Justizia Ministerioak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan diharduten erakundeen (hots, Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren,, Fiskaltzaren eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoaren) arteko lankidetza-organo komuna sortzearen alde egindako txostenagatik.

San Josék adierazi duenez, “Organo Komunaren helburua independentziaren eta botere-bereizketaren printzipioari jarraitzen dioten erakundeen arteko lankidetza bultzatzea da, era horretan informazioaren elkartrukea eta erakunde horiek guztiek Euskadiko Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko helburuak, planak eta kudeaketa-programak zehazten parte hartzeko aukera eraginkortasunez egituratu ahal izan dadin”.

Juan Carlos Campo ministroarekin egindako bileran, halaber, emakumearen aurkako indarkeriaren arloko Jarduketa Planaren edukia zehaztu du sailburuak. Plana urtarrilaren amaieran aurkeztu zen, eta hainbat neurri biltzen ditu, hala nola epaitegietako instalazioak egokitzea eta biktimei informazioa, arreta eta laguntza eskaintzeko zerbitzuak indartzea.

Gainera, María Jesús San José sailburuak Euskadiko Justizia Leheneratzaileko Zerbitzurako erakunde arteko koordinazio-protokoloak eman dizkio Justiziako ministroari, eta adierazi du oso garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritza Europako Kontseiluaren gomendioa (estatu kide guztiak, agintari judizialak eta erakunde publikoak justizia leheneratzailea erabiltzera eta leheneratze-eredu berritzaileak garatzera bultzatzen dituena) gauzatu duen Europako lehen administrazio publikoa izatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)