Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumen Sailak neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri dizkie Ordiziako eta Zaldibiako bi enpresari, nikel-emisioak antzeman ondoren

2020.eko otsailak 06

Ingurumen Sailburuordetzak neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri dizkie Ordizian eta Zaldibian kokatzen diren bi enpresari, enpresa horietan nikel-partikulen emisioa antzeman ondoren. Europa mailan emisio horien erreferentziarik ia ez dagoenez gero, isurketa horiek identifikatu dira Ingurumen Saileko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak egindako neurketa-kanpaina zorrotz baten ondoren. Goierriko eta Tolosaldeko herrietan egin den neurketa-kanpaina hori bi urte baino gehiago luzatu da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zerbitzuek, 2016an, eman zioten hasiera kanpainari, INMA proiektuaren (Haurtzaroa eta Ingurumena) nazio-mailako ikerketa baten barruan, Ordiziako giro-airean nikel-maila handiak detektatu ondoren —hiri-inguruneetan ohikoak direnak baino maila handiagoak—. Izatez, INMA proiektuak, haurdunaldian eta bizitzaren hasieran, airean, uretan eta dietan agertzen diren ingurumen-kutsatzailerik garrantzitsuenen papera aztertzen du, baita ingurumen-kutsatzaile horiek haurren hazkuntzan eta garapenean duten eragina ere.  Metal hori normalean oso maila apaletan agertzen da atmosferan.

Inguruabar hori Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi zitzaionean, 2016 eta 2017 artean berehala jarri zen abian emisio hori eragin zuten iturriak identifikatzeko azterketa. Airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretuak nikel kutsatzailearentzat 20 nanogramoko (ng) xede-balioa ezartzen du giro-aireko metro kubikoko (m³), betiere PM10 zatikiaren barruan (2,5 eta 10 mikra arteko diametroa duten partikula esekiak); balio hori urte natural bateko batez bestekoari dagokio. Araudiak ezartzen duenez, xede-balio hori gainditzen den eremuetan, administrazio eskudunak horretan laguntzen duten iturriak identifikatu beharko ditu, eta mailak murrizteko eta xede-balioak betetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak aplikatu beharko ditu, neurriz kanpoko kosturik sor ez dezaten.

Aldi horretan, honako jardun hauek, besteak beste, egin ziren:

  • Inguruneko enpresa ugariri informazioa eskatu zitzaien.
  • Hiru industria-instalaziori dagozkien 8 emisio-fokutan egin ziren neurketak, tximinietan bertan.
  • Kutsatzaileen sakabanaketaren modelizazioak egin ziren.
  • Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak neurketa-kanpaina jarri zuen abian bi partikula-kaptadorerekin, eta, gero, metalen analisia egin zen Osasun Publikoko Laborategietan.

Jardun horietan identifikatu zuten Ordiziako inguruneko enpresa batek eskatzen zitzaion araudi atmosferiko guztia betetzen zuen arren, nikela isurtzen ari zela giro-airera.

Hori dela eta, 2017. urtearen amaieran, ordura arte Euskadin eta Europako beste esparru batzuetan ezaguna ez zen gorabehera horren berri eman zitzaion enpresa horri. Enpresak nikelaren bi emisio-iturri nagusietan neurri zuzentzaileak eta arazketa-neurriak barnean hartzen zituen ekintza-plana aurkeztu zuen. 2018ko martxoa eta maiatza bitartean egikaritu zuen ekintza-plan hori, eta hurrengo hilabeteetan, inguruko nikel-mailek bilakaera ona izan zuten, baina datuen zaintzari eutsi zitzaion.

Hartara, 2018. urtearen amaieran, nikel-mailak berriz ere handiak zirela hauteman zuten, eta 2019. urtearen hasieran joera horrek jarraitzen zuela ohartu ziren. Ondorioz, enpresari jakinarazi zitzaion hartutako neurriak ez zirela nahikoak, eta bigarren ekintza-plan bat aurkezteko eskatu zitzaion. 2019ko abuztutik azarora bitartean, arazketa-sistema espezifikoak instalatu ziren beste 5 foku osagarritan; izan ere, lehen bi fokuek baino nikel-isurketa txikiagoa ematen zutenez gero, ez zen horien gainean jardun.

Horrez gain, eta nikela isur dezaketen beste iturri batzuk identifikatzeko asmoz, bigarren identifikazio-azterketa bat egin zen, eta  bilaketa-eremua hurbileko udalerrietara zabaldu zuten; zehazki, Zaldibia, Lazkao, Arama, Itsasondo, Legorreta eta Ikaztegieta udalerrietara. Eremu horretako enpresen multzoari buruzko dokumentu- eta landa-azterketa egin zen. Azterketa horretan 32 enpresari eskatu zitzaien haien jarduerari buruzko informazioa eta enpresa horietako zenbait ikuskatu zen. Gainera, Zaldibian kokatzen den enpresa baten barruko partikulen lagina hartu zen.

Aldi berean, PM2,5 partikuletan (2,5 mikra baino gutxiagoko diametroa duten partikuletan) dauden metalak ezaugarritzeko immisio-neurrien kanpaina bat abiarazi zen ingurune horretan, eta, 2019ko irailaren amaieran, kaptadoreak instalatu ziren Itsasondon, Lazkaon, Ordizian (suhiltzaileen estazio zaharrean), Zaldibian (Gaintzako bidegurutzean) eta Beasainen, arazoa geografikoki mugatzeko.

Bigarren emisio-iturria Zaldibian

Emaitzek erakutsi zuten Lazkaoko, Ordiziako (suhiltzaileak) eta Itsasondoko nikel-mailak Ordizia-Urdanetako mailak baino askoz ere txikiagoak zirela. Haatik, Zaldibian, Gaintzako bidegurutzean, kokatutako unitate mugikorrak nikel-maila handiak erregistratu zituen. Horregatik, eta emisioen jatorria hobeto zehazteko asmoz, joan den abenduan beste unitate mugikor bat jarri zuten Zaldibiako herrigunean, eta laginak egunean behin hartzetik hamabi orduan behin hartzera pasa zen.

Horrela, Zaldibiako enpresa batean identifikatu zuten itxuraz nikela isurtzen zuen beste industria-iturri bat. Enpresa horrek partikulak isurtzeko dagozkion muga-balioak betetzen ditu, eta joan den urtarrilean haren fokuetan neurketak egin ziren, tximinian bertan. Nikel-partikulak isurtzen ari zirela berrestean, enpresa horri ekintza-plan bat eskatu zitzaion, eta otsailean bertan aurkeztu beharko du ekintza-plan hori. Eskakizun formal hori bat dator enpresak berak ekoizpena doitzeko hartu dituen neurriekin, eta neurri horiek lagungarriak izan dira atzemandako kutsadura-mailak murrizteko.

Nabarmendu behar da ingurumen-araudiak ez duela metalak isurtzeko tximiniako muga-baliorik barnean hartzen industria mota horretarako, eta identifikatutako bi enpresa horiek betetzen dituztela erregulatzen diren kutsatzaile guztien emisioen tximiniako muga-balioak. Era berean, bi enpresek, arazoaren berri izan bezain laster, jarera proaktiboa izan dute eta soluzioak bilatu dituzte.

Bien bitartean, aktibo jarraitzen dute Ordizia-Urdanetako, Zaldibia-Gaintzako eta Zaldibia-herriko neurketek, eta eremu horien gaineko zaintza berezia mantentzen ari dira, Ingurumen eta Osasun Publikoko teknikarien jarraipen-talde espezifiko baten bidez.

Detekzio-tresneria

Airearen kalitatea neurtzeko kanpainetan zenbait ekipamendu erabili da. Batzuetan, aire-bolumen jakin bat xurgatzen duten partikulen kaptadoreak erabili dira, bolumen handikoak (Digitel) zein  bolumen txikikoak (Derenda). Neurtu nahi diren partikulak kuartzozko mikrozuntzez egindako iragazki batean biltzen dira, eta iragazki hori 24 orduan behin aldatzen da. Iragazki horiek aldian behin biltzen dira, eta Zamudioko Osasun Publikoko Laborategira eramaten dira. Han aztertzen dira, PM2,5 partikulen metal-edukia zehazteko eta, zehazki, nikel-edukia zehazteko. Batzuetan, partikula-kaptadore horiek zuzenean kokatu dira laginketa-puntuan bertan, eta beste batzuetan, Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen unitate mugikor bat eraman da kokalekura. Unitate horrek, kaptadore horretaz gain, beste tresneria batzuk ere baditu, hala nola meteorologikoak edo material partikulatua etengabe neurtzekoak.

Azterketa egiteko, partikula finen frakzioa (PM2,5) hartu da, baina xede-balioak partikula handietan (PM10) aurkitutako metalari dagozkionez gero, 2019ko maiatza eta uztaila bitartean, PM10 partikulen kaptadore bat gehitu zen Ordizia-Urdanetan, PM2,5 partikulen kaptadorearen ondoan, bi partikula-mota horietan lortzen ari diren nikel-mailak alderatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan