Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Arrakasta izan du harakintza eta haragi prestakinen sektorean langabeak laneratzeko prestakuntza egitasmoak

2020-02-06
  • Lehenengo esperientzia horrek Urolako Kostako Mankomunitatean harakintzako enpresek langile kualifikatuak izateko beharrei erantzun die
  • Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azpimarratu du enpresa publiko eta pribatuen eta eskualdeko garapen agentzien lankidetza ezinbestekoa izan da egitasmoa martxan jartzeko. “Gure elikagaien industria berritzaile eta lehiakor mantentzeko beharrezkoa da kolaborazioa puntako enpresen eta administrazioaren artean. Modu horretan, aurre egiten diegu elikadura balio kateak dituen behar errealei”.

Ikastaroa gainditu izana egiaztatzen duten diplomak banatuta, gaur goizean haragi sektoreko euskal enpresek eskatutako prestakuntzako lehenengo esperientzia itxi da, langile kualifikatuen beharrak asetzeari begira. “Harakintza eta haragikien elaborazioa” izenburupean, ikastaroaren amaieran Urola Kostako Mankomunitatean langabezian zeuden 10 lagun diplomatu dira, eta, hemendik aurrera, hainbat enpresatan hasiko dira lanean, edo norberaren kontura ekingo diote jarduerari.

Ikastaroaren klausura ekitaldian parte hartu du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, eta horrelako ekimenak garatzeko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du. “Gure elikadura industria lehiakorra eta berritzailea izan dadin, beharrezkoa da puntako enpresen eta Administrazioaren arteko lankidetza. Horrenbestez, elikaduraren balio kateak aurre egin beharreko benetako beharrak asetzen ditugu, profesional berriak aurkitzeari dagokionez, aldi berean langabezian dauden pertsonei laneratzeko irteera bat eskainiz”.

Proiektuaren sustatzaileak izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Saiala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eta HAZI Fundazioa, alde publikotik, eta Urkaiko Baserria Km0 eta Basatxerri enpresak, beste aldetik. Halaber, garrantzitsua izan da Urola Kostako Garapen eta Berrikuntza Agentzia, Iraurgi Berritzen eta Urkome-Landa Garapenerako Elkartearen lankidetza.

Ikastaroak 430 ordu teoriko eta 80 praktiko izan ditu, Urkaiko Baserria km0-k eta Basatxerrik Zestoan dituzten instalazio puntako eta modernoetan garatu da, oso egokiak baitira prestakuntzaren ibilbidea zuzen garatzeko. Ikasteko erabilitako metodologia oso praktikoa izan da, esperientzian oinarritua, lan jarduera bat garatzera zuzenduta. Horrela, laneratzea errazten da, enpresekin harreman handiagoa dagoelako, eta ekoizpen fase osoa ezagutzea sustatzen delako.

Barneratutako konpetentziei dagokienez, lau ardatz nagusitan oinarritu dira:

• Haragizko lehengaien eta osagarrien harrera, biltegiratzea eta harakintzako piezak eta produktuen bidalketa kontrolatzea.

• Haragia egokitzea merkaturatzeko edo industrian erabiltzeko, trazabilitatea bermatuz.

• Haragi prestakin freskoak prestatzea eta zerbitzatzea, elikagaien kalitate eta segurtasunik handiena bermatzeko baldintzetan, eta komertzializatzea.

• Harakintzako produktu industrialak prestatzea, beharrezko kalitatea eta higienea mantenduz.

Ikastaro berri bat martxan

Emaitza ona ikusita, erakunde eta enpresa parte hartzaileek erabaki dute prestakuntza jarduera horrekin jarraitzea, eta beste ikastaro bat jarri dute martxan, sei hilabete barru amaituko dena. Aurreko edizioan bezala, helburua da langabeen edo gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea sustatzea. Parte hartzaileak laneko jarduera bat garatzeko prestatuko dira, profil polibalente batekin, haragiaren sektorean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)