Ingurumen Sailak espezie mehatxatuen katalogoan sartuko du otsoa, "interes bereziko espeziea" kategorian.
- Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeari Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren berri eman zaio gaur goizean.
- Babes-maila horrek basakatuaren, katazuriaren, gabirai arruntaren edo martin arrantzalearen mailan kokatzen du otsoa, eta Euskadin kudeaketa, jarraipen eta zaintzarako planak egitea eskatzen du.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Vitoria-Gasteizko egoitzan, Ingurumen Sailak Otsoa (canis lupus) Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "interes bereziko espeziea" kategorian sartzeko proposamena aurkeztu dio Naturzaintza–Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeari, eskura dauden datu tekniko eta zientifikoetan oinarrituta.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak osatzen dute Batzordea, ondoko erakundeetako ordezkari banarekin batera: foru-aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatea, natura zaintzeko elkarteak, nekazaritzako erakundeak, Lurralde Historiko bakoitzeko EUDEL eta basogintzako elkarteak, baita ingurumenaren arloko izen handiko zenbait pertsona ere.
Babes-maila hori 89 espezieri aplikatzen zaie Euskadin, eta otsoa basakatuaren, katazuriaren, gabirai arruntaren edo martin arrantzalearen mailan kokatuko du. Horrez gain, kudeaketa eta jarraipenerako planak egitea ekarriko du, dauden populazioei eta horiek abeltzaintza-sektorearekin duten bizikidetzari buruz.
Ingurumen Sailak erabaki hori hartu du, espezie hori katalogoan sartu behar den eta zein kategoriatan sartu behar den zehaztasunez aztertu ondoren. Katalogoak lau babes-kategoria ezartzen ditu, espezie bakoitzaren arrisku-egoeraren arabera: "galzoriko espezieak", hau da, mailarik gorena, "kalteberak", "bakanak" edo " interes berezikoak".
Azterlan horretan, kontuan hartu dira bai foru-aldundien txostenak (Euskadiko flora eta fauna basatia kudeatzeko eskumenak dituzten erakundeak), bai Euskadiko Otso Taldeak emandako informazioa. Europaren ustez, otsoa Batasunaren intereseko espeziea da, eta Habitatei buruzko Zuzentarauan katalogatuta dago. Europako Batzordeak, berriz, espezie hori Europako lurraldean abeltzaintza-sektorearekin batera egoteko neurri posible guztiak bilatzeko jarrerari eusten dio. Diruz lagun daitezkeen neurriak dira, hala nola artaldeak elkartzea eta babestea, hesi elektrikoak jartzea, ondo entrenatutako mastinak baliatzea, etab.
Espainian, otsoa espezie mehatxatutzat jotzen da Espainiako hegoaldean, Duero lerroaren azpitik; eta autonomia-erkidegoak neurriak hartzen ari dira, beren errealitateen arabera.
Gainera, Bruselak berriki iragarri du otsoaren erasoek ganaduari eragindako kalteengatiko kalte-ordain publikoak diruz laguntzeko asmoa duela. Ildo horretatik, Araba eta Bizkaiko foru-aldundiak ordainketa horiek egiten ari dira aspalditik beren aurrekontuak baliatuta.
Gogoeta horiek ikusita, Ingurumen Sailak ondorioztatu du otsoa ez dela Euskadin "galzoriko espezieak" kategorian dagoen espezietzat hartzen, eta, beraz, ez dela egokia kategoria horretan sartzea, egungo egoeraren kausa-faktoreek jarraitzen badute bizirautea gertagaitza duten espezieentzat, "interes berezikoak" kategorian baizik, hau da, beren balio zientifiko, ekologikoaren arabera arreta berezia merezi dutenentzat. Plan horiek partaidetza-prozesu baten bidez egingo dira, eta prozesu horretan aldundiek eta inplikatutako eragile guztiek parte hartuko dute. Babes-maila horrek, adierazi den bezala, kudeaketa, jarraipen eta zaintzarako planak egitea ekarriko du. Plan horiek partaidetza-prozesu baten bidez egingo dira, eta prozesu horretan foru-aldundiek eta inplikatutako eragile guztiek parte hartuko dute.