Berriak Osasuna
Eu

Emakundek eta Osasun Sailak emakumeen genitalen mutilazioa eragozteko Euskadin hartutako prebentzio neurrien eraginkortasuna azpimarratu dute

2020.eko otsailak 05

Bihar, otsailak 6, Emakumeen Mutilazio Genitalaren aurreko Tolerantzia ezaren Nazioarteko Eguna izango da

Osakidetzak 2018an eta 2019an hautemandako eta erregistratutako kasu guztiak (67 eta 62, hurrenez hurren) migrazioaren aurretik egindako mutilazioak dira

Medikuen kontsultetan familiei ematen zaien Prebentziozko Konpromisoa dokumentuak, agian, eragina izan du gomendioen gida abian jarri zenetik opor-garaian edo bisitan jatorrizko herrialdera joatean mutilaziorik ez izatean

 

Bihar, otsailak 6, izendatu dute Nazio Batuek Emakumeen Mutilazio Genitalaren aurreko Tolerantzia ezaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Emakumeen eta nesken giza eskubideak urratzen dituen jardunbidetzat hartzen da nazioartean. Euskadin nahiko mugatua da eta nahiko lokalizatuta dago arriskuan egon daitekeen eta emakumeen genitalen mutilazioa (EMG) egiten duten herrialde eta etnietatik datorren biztanleria, eta alarmismorik gabe esku hartzea ahalbidetzen du. 

Osakidetzak 2018/2019 urteetan mutilatutako emakumeei edo neskei buruz detektatutako datuei dagokienez: 2018an 67 kasu detektatu eta erregistratu dira, eta 2019an, 62; guztira, 129 kasu, eta horietatik 21, 14 urtetik beherako neskei dagozkie.

Ez da jakinarazi edo erregistratu opor-garaian edo bisitan jatorrizko herrialdera joatean egindako mutilazio-kasurik. Emakundek nahiz Osasun Sailak eta Osakidetzak ateratzen duten ondorioa da, beraz, Euskadin emakumeen genitalen mutilazioaren prebentziorako lan-esparruan hartutako prebentzio-neurriak eraginkorrak direla. 

Zehazki, balorazio positiboa egin zaio arriskuan dauden nesken familiei, jatorrizko herrialdeetara oporretan irten aurretik, osasun-zentroetan sinatzeko ematen zaien Prebentziozko Konpromisoa dokumentuari. Agiri horrek nolabait ere bermatzen du neska eta emakume gazteak mutilatu gabe itzuliko direla Euskadira oporretatik etortzean.

 

KOORDINAZIOA ETA PREBENTZIOA

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailen eta Emakunderen arteko elkarlanari esker, hau bezalako urratsak ematen ari dira gure autonomia-erkidegoan era horretako jardunbideen prebentzioan. Emandako lehenengo urratsa izan zen EAEko EGMren egoeraren diagnostiko bat egitea, eta, ondoren, Osakidetzaren eta Emakunderen elkarlanaren ondorioz, Emakumeen Genitalen Mutilazioa. Euskadiko osasun sisteman gomendatutako jardunen gidaliburua eta Esku hartzeko oinarrizko printzipioen liburuxka argitaratu ziren. Bestalde, Hezkuntza sailak ere gaiari buruzko beste gida bat aurkeztu zuen. Argitalpen horietan EGM egiten duten herrialdeetatik datozen emakume eta neskatoak artatzen dituzten profesionalei gomendio batzuk egiten zaizkie. Horrekin batera, aipatzen da edozein esku-hartzetan ekidin behar dela herri, komunitate eta familien estigmatizazioa.


Euskal Autonomia Erkidegoan EGMren prebentziozko esku-hartzeak esparru guztiek parte hartzea eta guztien arteko koordinazioa eskatzen du, hau da, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloko profesionalena eta migratzaileen elkarteena, EGM egiten duten herrialdeetatik datozen migatzaileekin lan egiten duten erakundeena eta elkarte-mugimenduarena.

Behar-beharrezkoa da gizarte-prebentzioko lana egitea komunitateekin eta komunitateetatik, hain zuzen ere, komunitate horietako pertsonek euren erremintak sor ditzaten, errurik bota gabe eta estigmatizaziorik gabe, eta emakumeak ahalduntzea izanik esku-hartzearen ardatzetako bat. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 5a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau