Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

URAk 140 metroko luzera eta 4 metroko altuera duen horma bat kendu du Nerbioi ibaian, Amurrioko "Refor"-aren parean eskuinaldea naturalizatzeko

2020-02-05

URAk 140 metroko luzera eta 4 metroko altuera duen horma bat kendu du Amurrion, Nerbioi ibaiaren eskuinaldean, "Refor”-aren parean, tarte hori naturalizatzeko. Horretarako, ibaiaren kanalizazio zahar bat zen hormigoizko horma bat txikitzeari eta kentzeari ekin zaio, 140 metroko tartean. Hormaren eraustea goi-tentsioko dorre baten zimendatze-guneraino egin da, eta bere horretan gordeko da, dorrearen zimendatzeari ematen dion defentsa mantentzeko.

Jarduketa horrek ibaiaren zati berean presa txiki baten erdiko zatiaren eraisteari jarraipena ematen dio. 2019ko irailean egin zen: presa txikiko erdiko zatia kendu zen, eta estribuak mantendu ziren. Presa hori partzialki kentzeak ibaiko ur-laminaren sakonera murriztea eragin du, eta habitataren dibertsitate handiagoa sustatzen du, ibaian bizi diren espezieentzat beharrezkoa den konektibitatea berreskuratu delako eta ibaiaren berezko sedimentuen dinamika erraztu duelako.

Harresia eraitsi eta kendu ondoren, ibilgua zaharberritu da, eskuinaldean meandro txiki bati forma emanez. Era berean, eskuineko erribera eta ibaiertza (orain, hormigoizko hormatik aske) landareztatu dira, ibaiertzeko oihanpeko espezie autoktonoekin, eta oinezkoentzako bidea ordezkatu da, ibilgura hurbilduz, oinezkoen eta Nerbioi ibaiaren arteko lotura handiagoa bilatuz.

Bi jarduketek Nerbioi ibaiaren geomorfologia naturala leheneratzen laguntzen dute, Amurriotik igarotzean, luzetarako konektibitatea (espezieak ibaian gora, ibaian behera ibiltzeko aukera; presa batek zaildu edo galarazten duen zirkulazioa) eta alboko konektibitatea (ibilguaren eta haren erriberen arteko komunikazioa, lau metroko hormigoizko horma altu batek erabat eragozten duena) ahalbidetuz, ibaiko espezieen mesedetan.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du. 

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157712983107803

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)