Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek 9.645 enplegu eskatzaileri bidali dizkie lan eskaintzak, sms bidez

2011.eko maiatzak 10

Sistema berri hori martxoaren 14an jarri zen abian, eta harrezkero Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.448 lan-proposamen kudeatu ditu guztira sistema hori erabiliz.

Hartzaile kopuru nagusia Bizkaian dago (5.517 pertsona) eta, jarraian, Gipuzkoan eta Araban (2.677 pertsona eta 1.451 pertsona, hurrenez hurren).

Martxoaren 14an telefono mugikorreko zerbitzua abian jarri zenez geroztik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 1.448 lan-eskaintza bidali dizkie dagoeneko 9.645 enplegu-eskatzaileri, sms bidez. Sistema berri horri esker, langabearekiko komunikazioa "zuzenagoa eta eraginkorragoa" da, azpimarratu du Enpleguko sailburuorde Javier Ruiz jaunak.

Tresna horri esker, enplegu-eskatzaileak lan-merkatuan txertatzeko prozesua errazagoa eta bizkorragoa da. "Lanbidek kudeatutako enplegu-eskaintza baterako edo gehiagorako baldintzak betetzen dituztela jakinarazten diegu. Sms-aren bitartez, eskaintzaren erreferentzia eta okupazioaren izendapena adierazten diegu", adierazi du Ruizek. "Eskatzailea interesatuta badago, Lanbiderekin jartzen da harremanetan, eta bertan proposamenaren xehetasunen eta lan-baldintzen berri ematen diogu", azpimarratu du.

Eskatutako profilari ondoen egokitzen zaizkion hautagaien zerrenda bidaltzen dio Lanbidek lanpostua eskaintzen duen enpresari. Izapidetutako proposamen bakoitzera 6,6 hautagai aurkeztu dira batez beste. "Askotariko lan-eskaintzak egin ditugu, nola kualifikazio goreneko lanpostuei dagozkienak hala profil txikiagoa eskaintzen dutenak, eta gainera enplegu-eskatzaileak jarrera aktiboagoa hartzen du lan-merkatuan txertatzeko. Ekimen berritzaile horrek arreta pertsonalizatua eskatzen du, erregistratutako pertsona bakoitzaren lan-premietara egokitua.

Lurraldez lurralde, Bizkaia dago sms bidez bidalitako eskaintzen zerrendaren buruan: 807 proposamen, guztira 5.517 pertsonari bidali zaizkienak. Jarraian, Gipuzkoa dator, 408 proposamenekin eta 2.677 hautagairekin. Azkenik, Araban, 1.451 eskatzailek 222 proposamen jaso dituzte guztira. Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo garatutako beste hamar eskaintza izapidetu zituen ere bere enplegu-eskatzaileen artean.

"Normala da Bizkaia sailkapenaren buruan egotea, Bizkaian biltzen direlako enpresa gehien, baina esan beharra dago proportzionaltasunari eusten diogula biztanleria-tamainari eta Gizarte Segurantzan izena emandako enpresen kopuruari dagokionez" adierazi du Ruiz sailburuordeak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan