Berriak Lehendakaritza
Eu

Etika, Administrazioaren funtzionamenduaren oinarria

2011.eko maiatzak 10

Etikaren eta Gobernu Onaren Kodea onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak, eta Gobernu kide guztiak adskribatu beharko dira kode berrira; bestalde, kodearen edukia betetzea ziurtatzeaz arduratuko den batzorde bat ere sortu da

Etikaren eta Gobernu Onaren Kodean jasotako etika- eta portaera-arauak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio Orokorraren zerbitzura lan egiten duten honako hauek bete beharko dituzte: gobernuko kideek, goi-kargudunek, behin-behineko langileek eta bestelako zuzendaritza-karguak dauzkatenek. Kodean, Administrazioak erakunde gisa dauzkan helburuak behar bezala betetzeko eta euskal herritarren beharrei behar bezala erantzuteko, langileek, gardentasunaren eta eraginkortasun osagarriaren esparruan, jarraitu behar dituzten oinarrizko printzipioak eta jokabide-arauak zehazten dira.

Kode Etiko hau onartu izanak ez du esan nahi “gobernuko kideek edota instituzioetako kideek ez dituztela printzipio horiek betetzen”, adierazi du Idoia Mendia gobernuaren bozeramaileak, baina konpromisoa publikoki hartzea “herritarrek politikoengan eta instituzioetan daukaten konfiantza indartzeko” garrantzitsua dela adierazi du. Printzipio horiek “zuzentasunean, gardentasunean, parte-hartzean eta erantzukizunean” oinarrituta daude, besteak beste.

Jaurlaritzaren Kontseiluaren ostean egin ohi den prentsaurrekoan, gobernuaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, bileran hartutako erabakiak azaldu ditu, hala nola, Etikaren eta Gobernu Onaren Kodearen onespena.

Bozeramaileak adierazi du bi ekimen planifikatu direla Kodea “printzipioen adierazpen huts bat izan ez dadin”. Alde batetik, “euskal Administrazioan lanpostu bat lortzen duten guztiek, kargua onartu baino lehen, Kodearen edukiarekin ados dagoela sinatu behar izango dute”, eta, horrez gain, gaur egungo kargudunek “Kodearen kopia bana jasoko dute eta 15 eguneko epean adskribatu beharko dira”.

Beste aldetik, Etikaren eta Gobernuaren Onaren Batzordea sortuko da, eta Kodea betetzea ziurtatzea izango du helburu. Bestalde, Mendiak azpimarratu du Batzordearen betebeharren artean, hauek egongo direla: “aholkuak ematea eta kontsultei erantzutea, jazoeren jakinarazpenak jasotzea eta erregistro batean sartzea”. “Batzordeak beharrezkotzat jotzen badu, prozedura bat hasi ahalko da, eta interesdunak entzunaldia izango du”, gehitu du, eta prozedura horren emaitzaren arabera, “Batzordeak txosten bat helarazi ahalko dio Gobernu Kontseiluari egokiak diren neurriak har ditzan” azaldu du bozeramaileak. Gainera, “batzordeak kodea berritzea edo aldatzea gomendatu” ahalko duela erantsi du Mendiak.

Batzordeko kideak honakoak izango dira: Funtzio Publikoko sailburuordea; Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko sailburuordea eta Lehendakaritzaren menpeko Koordinaziorako idazkari nagusia. Funtzio Publikoko zuzendariak jardungo du idazkari-lanetan. Mendiak jakinarazi du Etikaren eta Gobernu Onaren Kodearen ostean Bateraezintasunen Legea, Euskal Funtzio Publikoaren Legea eta euskal sektore publikoa zer den zehazteko lege-ekimena etorriko direla.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.05.10)

 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-05-10n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejeros