Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Gasteizko tranbiaren unibertsitaterako luzapenaren inaugurazio ekitaldia otsailaren 15ean izango da

2020-02-04
  • Ekitaldi instituzionalarekin batera, jai egitaraua antolatu da azken geralekuan, Unibertsitatean
  • Goizeko 11:00etatik aurrera tranbia doakoa izango da egun osoan, eta erabiltzaileek trazatu berria ezagutu ahal izango dute
  • Euskotrenen tranbiaren unitate estra-luze berriak ere egun berean hasiko dira zerbitzua ematen

Vitoria-Gasteizko tranbiaren unibertsitaterako luzapena datorren 15ean hasiko da zerbitzuan. Lehenbiziko geralekuan, Floridan, aurreikusita dagoen ekitaldi instituzionalaren ondoren ekitaldiz betetako jai egitaraua etorriko da.

Inaugurazioarekin batera “ate irekiko” jardunaldia egongo da. Jardunaldi horretan, erabiltzaileek dohainik erabili ahal izango dute tranbia egun eta hiri osoan, goizeko hamaiketatik aurrera. 

Tarte berriaren estreinaldia Geraldine jazz taldeak alaituko du zazpi moduluz osatutako unitate berrietako baten barruan, giroa alaituz, tranbia hirian zehar mugitzen ari den bitartean.  

Eguerdiko hamabietatik aurrera, Martínez de Aragón kalean, Unibertsitateko azken geralekuaren ondoan, Korrontzi folk talde ezaguna arituko da, eta ondoren Itziar Yagüe gasteiztarrak kontzertua emango du. Inguru horretan bertan, nahi duten guztiek Euskolabel pintxoak dastatu ahal izango dituzte prezio merkean.

Tarte berriari esker tranbiaren trazatua 1,4 kilometro luzatu da, eta Angulemako geralekuaren ondoren beste hiru geraleku eraiki dira: Florida, Hegoalde eta Unibertsitatea. Halaber, lan horiei esker, bidegorri sarea 1,3 kilometro luzatu ahal izan da, eta zenbait urbanizazio lan egin dira trazatuak hartzen dituen kaleetan. Horrez gain, etorkizunean, Floridako geralekutik aurrera linea Salburua auzora luzatuko dela ere kontuan izan da. Luzapen horren lanak aurten bertan hasiko dira. Izan ere, amaitu berri diren lanen barruan, Salburuako norabidean dagoen maniobretarako mahuka trenbidea ere egokitu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)