Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak egoera politiko eta instituzionalari buruzko hausnarketa bat partekatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzako sailburuei

2020-02-04

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolarekin batera.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak egoera politiko eta instituzionalari buruzko hausnarketa bat partekatzeko eskatu dio gaur Eusko Jaurlaritzako sailburu bakoitzari. Gobernu Kontseiluko kide bakoitzak bere iritzia eman du.

Gogoeta horrek hurrengo hauteskunde-deialdia ekarriko ote duen galdetuta, Erkoreka bozeramaileak erantzun du "hauteskundeak deitzea lehendakariari soilik dagokion prerrogatiba" dela, eta "gaur eskatu diguna hausnarketa partekatzea" izan dela. Gainera, Erkorekak adierazi du Gobernuak lanean jarraitzen duela hitzemandako arau guztiak Legebiltzarrera bidaltzeko.

Bilera bilaterala Euskadiko eta Espainiako Gobernuen artean

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogora ekarri duenez, bihar, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lehenengo bilera bilaterala egingo dute Gernikako Estatutuaren betearazpen osoari heltzeko. Erkorekak adierazi duenez, helburua izango da lanerako bide bilateral bat irekitzea, “oztoporik gabea eta etengabea”, eta aukera emango duena eguneratzeko, luze jo gabe, 2019ko urtarrilaren 22an Espainiako Gobernuak onetsitako kronograma eta eskuordetze-plana, baita lan-taldeak sortzeko ere, ezarritako multzo bakoitzean bildutako transferentziak aztertu eta negoziatuko dituztenak. “Egiteko dauden transferentzien inguruko negoziazioa eta akordioa premiazkoa eta lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzarentzat” adierazi du.

Gainera, bozeramaileak azpimarratu du bi Gobernuak ados daudela “Konstituzio Auzitegian gure desadostasunak judizializatu ordez akordio politiko batera iristeko”. Hala, Josu Erkorekak jakinarazi duenez, biharko bileran helduko diete gatazka konpetentzialei 3 lege hauen inguruan: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea, Merkataritza Azalera Handien Legea, eta “Dekretu digitalak” direlakoak.

Soldata-igoera

Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsona guztientzako % 2ko soldata-igoera. Gainera, iragarri du Eusko Jaurlaritzak gauzatu egingo duela Itzarri-EPSVri egiten zaion ekarpena % 2ra arte igotzeko konpromisoa.

Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategia

Bukatzeko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategia, asmotzat duena desgaitasuna duten pertsonentzat oztopo fisikoak kentzetik harago ulertzea irisgarritasuna. Horrekin lotuta, Arriola sailburuak azpimarratu duenez, irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua soilik fisikoak diren zailtasunetik harago doa eta helburutzat du gure bizitzako parte diren ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak denentzat erabilgarriak eta ulergarriak izatea. Gainera, Arriolak nabarmendu duenez, Euskadi aurrenetako autonomia erkidegoa da irisgarritasunaren ikuspegi berri hau hartzen.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)